2017(e)ko martxoa 30, osteguna

‘W-ZURIA’ TXIMELETA BABESTEKO PROIEKTUA JARRI DU ABIAN ZARAUZKO INGURUMEN DEPARTAMENTUAK

Espeziea berreskuratze horretan, Zerynthia elkartearekin elkarlanean, zumarrak landatu zituzten duela aste pare bat Astin, Zuhaitz Egunean.



Orokieta Herri Eskolako ikasleek, herriko ikastetxe guztien izenean, zumarrak landatzen aritu ziren hilabete hasieran, Astin.Onddo batek eragindako gaitzak jota –zumarraren grafiosia–, zuhaitz horiek desagertzen ari dira Europa osoan, eta horrek W-zuria izeneko tximeletari eragiten dio, zumarren loreak behar dituelako elikatzeko. Ingurumen departamentuak espezie hori babesteko eta berreskuratzeko proiektua martxan jarri du, Zerynthia elkartearekin batera.

Ingurumen teknikari Gloria Vazquez eta Zerynthia elkarteko Dan Lertxundi (Aritz Mutiozabal).
Biodibertsitate galera horri aurre egiteko programa bat martxa jarri da hainbat herrialdetan. Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezek. esanetan, “programa horren barruan Espainiako Ingurumen Ministerioak interesatuen eskura jartzen ditu gaixotasun horrekiko erresistenteak diren zumarrak, eta horietako batzuk dira hemen zuhaitz egunean Orokietako ikasleek landatu zituztenak”. Landatutako zumarrak oraindik gazteak direla gaineratu du, “baina hazten direnean tximeletaren bizilekua izatea dugu helburu”.

Populazio urria

Zerynthia elkarteko kide da Dan Lertxundi, eta adierazi du aipatu tximeleta espezie hori ez dagoela desagertua Euskal Herrian, baizik eta “oso jaitsita dago bere populazioa”. Egitasmo honen bitartez, zumardi txiki batzuk landatu dituzte: “Gipuzkoa mailan, iaz Donostian egin genuan, eta aurten, Zarautzen ez ezik, Zumaian eta Oñatin, eta Eibarren egiteko asmoa dago”.
Tximeletak W-zuria hartzen du hegoetan w itxurako irudi zuri bat daramalako. Lertxundik kontatu duenez, “gutxi gorabehera, ekainetik aurrera egiten du hegan. Basoko tximeleta da, zuhaitzen gainaldean egiten duelako hegan eta oso gutxi jaisten delako landereetara. Hori dela-eta, oso zaila izaten da ikustea”.
Naturan dauden espezieen bioaniztasuna mantentzea “oso garrantzitsua” dela nabarmendu du Ingurumen zinegotziak, “naturaren oreka” mantendu ahal izateko. Izan ere, “espezie baten galerak beste espeziengan eragin negatiboa du”.
Zumarrak landatu zituzten gunean, W-zuria tximeletaren ezaugarriak eta nondik norakoak adierazten dituen panel dibulgatibo bat jarri dute.