2014(e)ko urria 28, asteartea

Iñurritza biotopoko pasarela berria martxan da dagoeneko

Pasarela berria ireki berri dutela eta, jende ugari dabil egunotan ikusmiran Iñurritzako biotopo aldean. Pasarelari altura eman diote itsas aldeko lehen lerroan dagoen duna hauskorragoaren eta golf aldean dagoen duna egonkorragoaren arteko lotura lehen baino hobeto gera dadin, era horretan hondarrari bere dinamika naturala bermatuz, pasarelaren azpitik pasa eta golf zelaian aurrera joango baita. Zaindu beharko da ondo hondarraren dinamika hori, pasarelaren azpialdeko sarearekin topo egitean pilatzen hasiko baita.
Itsas aldera dagoen zatira jaisteko tentazioa ez da txikia eta bai hiritarrek eta bai zaintza-arduradunek ahalegina egin beharko dute jendeak gune hori errespeta dezan. Dunetan hazten diren landare bereziek berriro koloniza dezaten. Asko eskertuko dute.
Aste honetan bertan ere prentsan azaldu dira mezu bat baino gehiago zakurrek lotuta ibili behar dutela kexatzen, bizikleta edo motorrean ezin dela ibili bertatik aipatuz eta oro har jendea Iñurritzako biotopoa hobeto baloratzen hasi ote den ustea dago. Pasarela berriarekin seguruenik jende-kopurua ugarituko da baina aurrerantzean garrantzitsuena bideak errespetatu eta bertatik ez irtetea izango da eta horretan pasarela honek lagunduko du.
Aurrerantzean erronketariko bat, beraz, Biotopo batek behar duen lasaitasuna bertara bisitan joango diren jende-multzoarekin uztartzea izango da. Jendea bidetik ibilita ere, nahikoa presio jasaten du biotopoko faunak, ez zaio oraindik gehitu behar astakeriatan ibilita.
Pasarela berriaren eta bertako hegazti batzuen irudiak ondoren.
Argazki denak Bittor Mutiozabal eta Asier Aldalurrek ateratakoak dira.




 Beheko argazki hauetan ikusiko duzuen bezala egun hauetan bando ugari ari dira pasatzen Iñurritza aldetik Europa iparraldetik hegoaldeko bidean.
Paga Usoak (Columba palumbus)
 Lertxuntxo txikiak (Egretta garzeta)
Lertxun hauskara (Ardea cinerea)

Behekaldeko kulixka gorri hau ere Iñurritza aldean gustora dabilela dirudi zeren bertan gustora ikusten degu azken hilabetean.
Kulixka gorria (Limosa lapponica)
Kulixka gorria (Limosa lapponica)
Kulixka txikia (Actitis hypoleucos)
Kulixka txikia (Actitis hypoleucos)
Basahatea (Anas platyrhynchos)
 Basahateak (Anas platyrhynchos)
 Kaio hankahoria (Larus michahellis)
 Negu txirtak (Anthus pratensis) baiñatzen.
Txantxangorria (Erithacus rubecula)
Txantxangorria (Erithacus rubecula)
 Etxe txolarrea (Passer domesticus)
 Zapelatza ( Buteo buteo)
 Martin arrantzalea (Alcedo Atthis)
Lertxuntxo txikiak (Egretta garzeta)
Lertxuntxo txikiak (Egretta garzeta)
 Horma sugandila (Podarcis muralis)

2014(e)ko urria 13, astelehena

Ihidieta, parke ala industrialde?

Martxel Aizpurua, Arkamurkako kidea: “Gurpila gelditu egin behar da”


by  on 2014/09/30 in INGURUMENA

Itxasmendi auzoaren aurrean dago Irita–Arkamurka natur taldekoek Ihidieta deitzen diote–, Abendaño eta Asti errekek bat egiten duten gunean. Sastrakaz, kanaberaz eta beste hainbat landarez josita dago, abandonatuta itxuraz. «Itxuraz», dio taldeko kide Martxel Aizpuruak; izan ere, proiektu bat badago aurreikusita gune horretan. «Bata txuriko» industriagune bat egiteko asmoa dute,  zentro teknologiko bat. Zenbait pauso eman dituzte—desjabetzeak, kasu— proiektu hori gauzatzeko, baina Ura agentziak atzera bota du Sprilurren urbanizazio plana, guneak urez gainezka egiteko duen arriskuagatik. «Traba» hori aprobetxatuz, Arkamurkakoen arabera orain da «unea» industrialdea alde batera utzi, eta Erriberetako parkea gauzatzeko.
Ihidieta, parke ala industrialde? hitzaldia eskainiko du Aizpuruak gaur, Arkamurkaren egoitzan (Santa Marina kalea, 2, 2) 20:30ean.
MARTXEL_AIZPURUA copia
(Aritz Mutiozabal/Hitza)

Zergatik trabatu du ur agentziak Iritako urbanizazio plana?
Zonalde honetako lur asko urak hartzen ditu. Badago uholde arriskuei buruzko lege bat, eta horren arabera, halako guneetan ez litzakete ezer eraiki beharko. Urak gainezka egiten duen hori aprobetxatuz, gure helburua da Iritaren berezko izaera errespetatu eta berreskuratzea, gune hori naturalizatzeko.

Eta hainbat pauso eman duzue horretarako. Zein puntutan dago?
Duela 28 urte Erriberetako parkearen proiektua aurkeztu genuenean, udalak esan zigun horren %85 onargarria zela. Gero, ordea, guraizeak sartu zituzten, eta ondorioz, momentuz Iñurritzako biotopoa mantentzea lortu dugu. Guk aldarrikatu dugu horixe bera egin daitekeela estuario guztirako. Alegia, errekak itsasoratzen diren lekutik hasi eta Astiko erreka txikietaraino, zonalde hori guztia berreskuragarria dela eta horrek izan beharko lukeela Zarautzen muga naturaletako bat.

Zeintzuk dira muga horiek?
Proiektua aurkeztu genuenean, hain zuzen, Joxe Mari Aranburu arkitektoak esan zuen hori. Eusko Jaurlaritzako Hirigintzako zenbait bulego zeuden Donostian, eta bertako buru zen Aranburu. Hark ongi ezagutzen zuen gune hau eta zera esaten zuen: Erdi Aroan herriak harresiz inguratzen zirela, eta herriek horien barruan kabitu behar zutela, derrigor. Estilo horretako gudak amaitu direnean, ez dago harresien beharrik, eta hortaz, herriak olioa bezala ari dira zabaltzen. Zarautzek, ordea, bere harresiak badituela esaten zuen Aranburuk, bilatu egin behar direla baina badituela: iparraldetik itsasoa, mendebaldetik mendia, hegoaldetik autobidea eta ekialdetik ibaia.

Eta zuek bat zatozte harekin.
Bai. Erriberetako parkeak herrigunearen muga izan beharko lukeela diogu. Parke naturalizatua, eta,aldi berean, herritarren aisialdirako gune. Ikaragarri aberatsa da, gainera; izan ere, erkidegoan aurkitzen ez den flora dugu hemen, eta fauna ere bai. Lau saguzar espezie aurkitu ditugu Arkamurkakook Iritan ultrasoinuen bidez, esaterako.

Eta, zergatik da estrategikoa Irita Erriberetako parkea osatzeko?
Irita une honetan parkea izango litzatekeenaren erdigunea da. Alde batean dugu Iñurritzako biotopoa, eta bestean Asti. Erdian bi errekak elkartzen diren gunea dago, Irita,  eta gure helburua da hiru guneak batu eta Erriberetako parkea osatzea. Baina, industriaz betetzen badute Irita, batasun hori moztu egingo da.

Zein da hurrengo pausoa?
Ura agentziak 2015 bukaerarako Zarauzko uholde arriskuen plana osatu behar du, eta puntu horretan txertatu nahiko genuke gure egitasmoa. Irita urbanizatzeari dagokionez, ordea, gauzak oso aurreratuta daude, desjabetzeak eginak dituzte… Beraz, industrialdearen proiektu hori atzera botatzen badute, diru mugimendu handiak egongo dira, kalteordainak ordaindu beharko dira, eta horrek traba asko ekarriko ditu.

Zer ondorioztatutako du uholde arriskuaren inguruko plan horrek?
Agentziak uholdeak saihesteko plana egiten duenean ikusiko dute ea zona hori naturalizatzeak bertan urak gainezka egiten duenean sortzen diren arazoei irtenbidea emango dien ala ez. Marea gora tokatzen denean, Iritan berez dagoen ura askatu daiteke, ur maila igotzen denean urtegi natural bat osatu eta urez betez Asti eta Irita. Hau da, Iritaren berezko funtzionamendua izan dadila uholdeak ekiditeko irtenbidea. Une honetan horren zain gaude. Ur agentziarekin, aldundiarekin eta udalarekin zerbait lortu nahi dugu, uholde arriskua kontuan hartuta, Erriberetako parkea gauzatu ahal izateko. Gurpila gelditu egin behar da. Eta orain da horretarako une aproposa.

Zarauzko duna eta hezeguneak. Gaurko egoera eta Arkamurkaren proiektua, Martxel Aizpuruaren eskutik HEMEN

Zarauzko Iñurritzako padura eta haren inguruak naturaren kontserbazioaren eta hirigintzaplanen arteko hari finaren gainean mintzo da Martxel Aizpurua.

2014(e)ko urria 8, asteazkena

Ikusteko benetan zaila den Uroilanda pikarta Iñurritza biotopoan

Atzo Uroilanda pikarta (Porzana porzana) bat ikusi zuten Bittor Mutiozabal eta Koldo Lizundiak Iñurritzako biotopoan. Hezeguneak gogoko dituen hegazti hau oso oso zaila da ikustea eta Iñurritzarako ere lehen zita izango litzateke hau. Azken hamarkadetan beraien bizileku diren hezeguneak oso erasotuak izan dira Europa mendebalde hontan eta ondorioz egoera horrekin batera espezie honen kopuruak ere behera egin du nabarmen. Ingurura ere oso ondo mimetizatzen denez, oraindik ere zailagoa egiten da ikustea. Europa ekialdetik Afrika alderako bidai hortan, atseden hartu eta indar berritzeko Iñurritza biotopoa bezelako hezegunetan egun bat baino gehiagoko paradak egin izan ohi dituzte eta ondorioz aste hontan zehar berriro ikusteko aukera izan genezake. 
Uroilanda pikarta (Porzana porzana) Koldo Lizundiaren argazkia.
Uroilanda pikarta (Porzana porzana) Koldo Lizundiaren argazkia.
 Uroilanda pikarta (Porzana porzana) Bittor Mutiozabalen argazkia.
  Uroilanda pikarta (Porzana porzana) Bittor Mutiozabalen argazkia.

Uroilanda pikartaz gain beste hegazti ugari ere badabiltza egunotan Iñurritza aldean, Bittor Mutiozabalek ateratako argazkiak dira behekaldeo hauek.
 Uroiloa (Gallinula chloropus) kume bat ondoan duela
 Uroiloa (Gallinula chloropus)
Lertxuntxo txikia (Egreta garcetta) Uroiloa (Gallinula chloropus) ondoan duela
Lertxuntxo txikiak (Egreta garcetta)
Lertxuntxo txikiak (Egreta garcetta)
Txilinporta txikia (Tachyhuptus ruficollis)
Txilinporta txikia (Tachyhuptus ruficollis)
Kuliska gorria (Limosa lapponica)
 Basa ahatea (Anas platyrhynchos)
Uda azkenero bezala Ubarroi haundiak ere etorri dira Europa iparraldetik gure gana negua pasatzera
 Ubarroi haundia (Phalacrocorax carbo)
 Ubarroi haundia (Phalacrocorax carbo)
 Ubarroi haundia (Phalacrocorax carbo)
 Zozoak (Turdus merula) ere non nahi ikusi daitezke Iñurritzan, goiko hau arra da.

Behekaldean Zarauzko hondartzako pare bat irudi.

2014(e)ko urria 7, asteartea

Mokozabal bat Inurritzan: erreskate baten kronika


Joan den larunbatean, urriak 4 –hegaztien egunaren bezperan hain zuzen– mokozabal gazte bat (Platalea leucorodia) ikusi zuen Inurritzan, zaurituta edo, Itsas Enara Ornitologia Elkarteko kide batek. Errekaren ezker ibarrean zegoen hegaztia, ertzean bertan, uretatik irten nahian baina ezinean. Hankak uretan zituen, ezkutuan, eta lumak blai. Ordu erdian ez zen gauza izan uretatik ateratzeko, eta, mokoarekin eta hegoekin ahaleginak eginagatik ere, alferrik jardun zuen. Hegan egiteko gauza ere ez zen noski.


Harrigarria zen hala egotea, zeren orduerdi lehenago ez baitzegoen han. Panorama ikusita, laguntzarik gabe hura handik ateratzea ezinezkoa zela iritzita, 112ra deitu zuen txorizaleak. Handik 25 minutura inor agertu ez zelarik, Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainen basera egin zuen dei. Hamar minutuan agertu zen larrialdietako koordinatzaile bat, eta hark, egoera aztertuta eta bat etorrita enbarkazio bat eta gutxienez bi lagun behar zirela, suhiltzaileak eta basozain bat mobilizatu zituen.

Juan Mari Lasak egindako argazkiak dakarzkizuegu horren guztiaren lekuko (eskerrik asko, Juan Mari!).


Suhiltzaileek zodiaka uretaratu zuten kanalean, errekan behera abiatu ziren, mokozabala hartu zuten, basozain bati eman zioten eta atzera itzuli ziren basera.

Lehendabiziko begiratuan erreparatu zioten hegaztiak bi hankak hautsita zeuzkala, irudietan ikus daitekeenez.

Erreparatu halaber, zeinen emeki heldu zioten hegaztiari; deigarria da horretarako prestakuntza espezifikorik gaberik ere, nola saiatu ziren hegaztiari minik ez egiten.


Esan bezala, hegaztiak bi hankak hautsita zeuzkan, eta Igeldoko Arrano Etxera eraman zuten. Astelehen arratsalderako, baina, hila zen. Ez dakigu zerk eragin zion heriotza: zauriek berek, uretan edo lokatzetan harrapatutako infekzioren batek, janik ezak, estresak…

Ez dakigu, halaber, zerk eragin zizkion zauri beldurgarri horiek. Badakigu hegazti batek ezin duela hegan egin halako egoeran; beraz, ezinbestean inguruan pairatu zuen ezbeharra.

Badakigu tiroek eragiten dituztela batzuetan horrelako zauriak eta ehiza-sasoian gaude dagoeneko. Kableek ere eragin ohi dituzte halakoak, baina nekez izaten dira hanketako zauriak bakarrik: lepoan, paparrean eta batez ere hegoetan ere izaten dira arrastoak. Ez dugu horren berririk, baina Arrano Etxeko arduradunek jakingo dute noski. Saiatuko gara hori argitzen.

Eskerrak eman behar dizkiegu, txalogarri aritu baitziren, Aldundiko koordinatzaileari eta Zarauzko suhiltzaileei, egindako lan onagatik eta erakutsi zuten ardura eta profesionaltasunagatik. Milesker!


Itsas Enara Ornitologia Elkartea