2014(e)ko martxoa 5, asteazkena

GOLFA ALA DUNA


Kitto, itsasoak eraman du Zarauzko hondartza nagusiko duna enbrionarioa eta kostaldeko duna-lerro osoa, duna mugikorrak esaten zaien zati hori, alegia.
Iñurritzako Biotopoko dunak Euskal Herriko kostaldeko duna-sistema handiena osatzen zuten eta dute. Baina, ez da ekosistema naturala. Golfaren eraginez, duna-sistema hori hein handi batean artifizialduta dago. Lehendik zuen itxurak, alegia, morfologiak, nabarmen erakusten zuen hori. Goiko pasabideak eta golfaren seguritate-hesiak erabat baldintzatu du duna horren izaera eta forma. Egitura zurrun horiek gabe, dunak ez luke mendebaldean erakusten zuen malda hain handia, askoz ere malda leunagoa luke aurre alde osoan, eta atzean forma gorabeheratsuagoa erakutsiko luke. Golfak osatzen duen lautada irmo horren eragileak Golfeko lorezainak dira, ez itsasoa eta haizea.
Itsasoak erakutsi digu, beste behin, zeinen absurdoa gerta litekeen ingurune naturalak berreskuratzea baldintza naturalak errespetatu gabe. Hiru bat hamarkada pasa ditugu aste gutxitan itsasoak eraman duen ekosistema zaintzen. Pittinka, pittinka, bertako landare-populazioak hazten eta egonkortzen ikusi ditugu, esperantza eta poz handiz. Arro esaten genuen hor genituela hainbat espezie endemiko, gure kostaldean beste inon gure kostaldean aurki ezin direnak, baina, bistakoa denez, behar ez bezala genituen. Gotortuta eta tokatzen ez zitzaien azaleran pilatuta. Argi erakutsi digu itsasoak zeinen inozoak garen, zeinen ezjakinak.
Gertatutakoa gertatu da, eta ez du bueltarik. Baina, orain da garaia Golfarekin zirt edo zart egiteko. Dunak edo golfa, ez dago biak batera mantentzerik. Iñurritzako dunak dagokion lekua eskuratu behar du, baldintza naturalek, haizeak eta itsasoak eman behar diote forma eremu horri. Horrek baino ez ditu jarriko galdu dugun duna mugikorra, eta bertako landareak, berreskuratzeko aukera.
Madrilen Costas Ministerioari eskatu diogu atzeratu dezala deslindea, desjabetu ditzala Udalaren eta Narros-eko markesaren lurrak. Udalari eskatu diogu, behingoz buka dezala auzi honekin. Ez ditzala eman seguritate-hesiak jartzeko baimenak, eta bitartean, debeka dezala Golf-jarduera Iñurritzako Biotopoan. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diogu, behingoz eta arduraz, har dezala bere gain, legeak eskatzen dion bezala, altxor natural hori kudeatzeko lema.
Berandu gabiltza, baina agian ez beranduegi. Eskuratu dezagun duna-eremu hau naturarentzat, eta bide batez, Zarauztar eta herritar guztiontzat. Orain arte ez dugu xentimorik kobratu beste batzuen gozamenerako izan denean, beraz, bada garaia buelta eskatzeko. Iñurritzako duna-sistema osoa berreskura dezagun, guztiona dena, guztiontzat izan dadin.

Lehen pausoa izango da aurten egiteko zegoen pasaleku elebatua ahalik eta barruen egitea, horretarako golf-eremuari kendu behar zaion lurra kenduz. Golfekoen beldur gabe, eskuzabal jokatu beharko lukete erakunde publikoek lur publikoaren zati handi bat herritarrentzat berreskuratzeko orduan.


Ondorengo bideoaren irudiak Ekaitzek grabatutakoak dira


Ondorengo argazkiak Lorentxo Portularrumek ateratakoak dira





Ondorengo beste argazki hauek Iñakik ateratakoak dira




7 iruzkin:

  1. Joño, orain Rafa Saiz-ena omen dek nik ateatako argazkia ? Hamaika ikusteko jaioak gara

    ErantzunEzabatu
  2. Barkatu Asier, baina argazki horiek ez dira nireak. Whatsappez jaso nituen eta nik ere birbidali egin nituen.

    Rafa.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Barkatu, hal den azkarren aldatuko ziet egilearen izena, Uste diat Iñaki izeneko batenak ditukela
      Asier.

      Ezabatu
  3. Barkatu Asier, baina argazki horiek ez dira nireak. Whatsappez jaso nituen eta nik ere birbidali egin nituen.

    Rafa.

    ErantzunEzabatu
  4. Sinadura bilketa batek lagunduko al luke?

    ErantzunEzabatu
  5. Bada garaia (auskalo noiztik eta zergatik) ezarritako elitearen 'jabetzak' NATURAren bidez eta naturaltasunez herriari emateko. Hortxe ezberdintasun sozial bat, gure muturraren parean...

    ErantzunEzabatu
  6. Yep, gabon,

    Nere argazkia aterkiarena besterik ez dek. Besteak ez dituk nireak, jakinaren gainean jartzen zaituztet.

    ErantzunEzabatu

Mundu guztia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea; zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko, eta errespetu-falta sumatzen badugu jakin bedi mezua borratua izango dela.
Eskerrikasko.