2014(e)ko urriaren 7(a), asteartea

Mokozabal bat Inurritzan: erreskate baten kronika


Joan den larunbatean, urriak 4 –hegaztien egunaren bezperan hain zuzen– mokozabal gazte bat (Platalea leucorodia) ikusi zuen Inurritzan, zaurituta edo, Itsas Enara Ornitologia Elkarteko kide batek. Errekaren ezker ibarrean zegoen hegaztia, ertzean bertan, uretatik irten nahian baina ezinean. Hankak uretan zituen, ezkutuan, eta lumak blai. Ordu erdian ez zen gauza izan uretatik ateratzeko, eta, mokoarekin eta hegoekin ahaleginak eginagatik ere, alferrik jardun zuen. Hegan egiteko gauza ere ez zen noski.


Harrigarria zen hala egotea, zeren orduerdi lehenago ez baitzegoen han. Panorama ikusita, laguntzarik gabe hura handik ateratzea ezinezkoa zela iritzita, 112ra deitu zuen txorizaleak. Handik 25 minutura inor agertu ez zelarik, Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainen basera egin zuen dei. Hamar minutuan agertu zen larrialdietako koordinatzaile bat, eta hark, egoera aztertuta eta bat etorrita enbarkazio bat eta gutxienez bi lagun behar zirela, suhiltzaileak eta basozain bat mobilizatu zituen.

Juan Mari Lasak egindako argazkiak dakarzkizuegu horren guztiaren lekuko (eskerrik asko, Juan Mari!).


Suhiltzaileek zodiaka uretaratu zuten kanalean, errekan behera abiatu ziren, mokozabala hartu zuten, basozain bati eman zioten eta atzera itzuli ziren basera.

Lehendabiziko begiratuan erreparatu zioten hegaztiak bi hankak hautsita zeuzkala, irudietan ikus daitekeenez.

Erreparatu halaber, zeinen emeki heldu zioten hegaztiari; deigarria da horretarako prestakuntza espezifikorik gaberik ere, nola saiatu ziren hegaztiari minik ez egiten.


Esan bezala, hegaztiak bi hankak hautsita zeuzkan, eta Igeldoko Arrano Etxera eraman zuten. Astelehen arratsalderako, baina, hila zen. Ez dakigu zerk eragin zion heriotza: zauriek berek, uretan edo lokatzetan harrapatutako infekzioren batek, janik ezak, estresak…

Ez dakigu, halaber, zerk eragin zizkion zauri beldurgarri horiek. Badakigu hegazti batek ezin duela hegan egin halako egoeran; beraz, ezinbestean inguruan pairatu zuen ezbeharra.

Badakigu tiroek eragiten dituztela batzuetan horrelako zauriak eta ehiza-sasoian gaude dagoeneko. Kableek ere eragin ohi dituzte halakoak, baina nekez izaten dira hanketako zauriak bakarrik: lepoan, paparrean eta batez ere hegoetan ere izaten dira arrastoak. Ez dugu horren berririk, baina Arrano Etxeko arduradunek jakingo dute noski. Saiatuko gara hori argitzen.

Eskerrak eman behar dizkiegu, txalogarri aritu baitziren, Aldundiko koordinatzaileari eta Zarauzko suhiltzaileei, egindako lan onagatik eta erakutsi zuten ardura eta profesionaltasunagatik. Milesker!


Itsas Enara Ornitologia Elkartea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guztia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea; zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko, eta errespetu-falta sumatzen badugu jakin bedi mezua borratua izango dela.
Eskerrikasko.