2015(e)ko apirila 12, igandea

Inurritzako hezegunea apirilaren 11n

Udaberria aurrera doa eta Inurritzan buru-belarri dabiltza hegaztiak.

Urte osoa ematen duten espezieak (basahatea, uroiloa, txilinporta, kaioa...) ugalketa betean murgilduta daude dagoeneko, baina, horiez gain, negua kanpoan ematen dutenak ere hasiak dira ugaltze-lanetan. Bien bitartean limikoloen eta bestelako ur-hegaztien pasea ere aurrera doa, eta egun hauetan urte osoko egunik oparoenak izaten dira.



Txilinportak, basahateak eta uroiloak dagoeneko umeak dituzte, nahiz eta ez izan ikusten errazak. Hobe dugu bakean utzi eta horiek koskortu artean itxoin. Hala ere, Ixpillako putzuan aise ikus daitezke umeak, gurasoen zaintzapean.



Txirritxo edo legar-txori txikiak aspalditxo itzuliak dira hegoaldetik, eta dagoeneko txoro-txoro eginda dabiltza, batzuk lurraldetxo bat berentzat erreklamatzen, batzuk bikote bila eta beste batzuk, berriz, bikotea aurkitu eta ondorengo lanetan hasita.





Limikoloen udaberriko pasea oraindik ez dago bere maila gorenean, baina dagoeneko oso nabarmena da. Legar-txori txikiaren ahaide hurko bat ere badabil egun hauetan Inurritzan. Tira, izan ere, uda betean izan ezik urte osoan ibiltzen da hemen: txirritxo handia. Neguan ere hemen ibiliagatk, ordea, udaberriko eta udazkeneko pase-sasoian da ugariena. Egun hauetan nabarmen mugitzen dira.



Ttibibia edo bernagorria gurean diren limikolorik arruntenetako bat da. Hau ere ia urte osoan ibiltzen da gurean, baina bi pase-garaietan da bereziki ugaria. Egun hauetan asko dabiltza gure paduran.



Limikoloak ez ezik, anatidoak ere baditugu egun hauetan. Ohiko basahateez gain, orain beste bi espezie daude presente: uda-zertzeta eta ahate mokozabala. Uda-zertzeta ahatetxo txiki bat da, eta gurean bakan samarra. Gehienetan udaberrian ikusten dugu, eta bikoteka.

Ahate mokozabala, berriz, hegazti koxkorra da, eta, jakina, mokoa oso berezua du. Ahate gehienek ura iragaxten gadute ere, espezie honek muturrera eraman du elikatzeko bide hori, eta mokoko xafkak, haren iragazki naturala, beste guztiek baino askoz ere garatuagoa du. Ar bat dago egun hauetan Inurritzan, oso lasai eta ikusgarri.




Nahi ez ditugun bisitariek ere merezi izan dute guk bideotxo bat egitea. Izan ere, ez da kontu berria. Zarauzko Golf Klubean badira erabiltzaile dezente --ASKO, izan ere-- batere errespeturik ez diotenak ez ingurumenari, ez naturari, ez gainerako herritarroi. Bost axola die ugaltze sasoian sartzea habien artean. Klubak ondo baino hobeto daki hori debekatuta dagoela eta zergatik dagoen debekatuta, baina ez du neurririk hartu bere bazkideek eta bisitariek horrelakorik ez egiteko. Joan den udan halako 50 ibilaldi kontrolatu genituen.



Tristeena da galdutako pelotak bilatzeko egiten dutela hori. Klubeko parkinean porsche, ferrari eta bestelako auto garestiak harro eta pozik erakusten dituzten hauek ez dira kapaz bi xoxeko ordezko pelotak eramateko gainean, eta itsu-itsuan gainditzen dute hesia galdutakoen bila. Bada garaia norbait zigorrak jartzen hasteko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guztia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea; zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko, eta errespetu-falta sumatzen badugu jakin bedi mezua borratua izango dela.
Eskerrikasko.