2013(e)ko azaroa 26, asteartea

Zarauzko uholdeen aurka

El Diario Vascotik dator notizia, euria izan dela jenioz bizia. Gogoratzera goaz askok ikusia, ur putzu bihurtuta  lautada guzia. Bertsotan esan liteke, koplatan ere bai, eta ez da izango aldizkako gertaera hauek prosa soilean ez ditugulako azaldu, behin eta berriz, azken hamarkadatan. Zarautzen euriteak marea goian denean gertatzen direnean, urak gainez egiten du herriko hainbat lekutan, kalteak sortuz.  Azkenengo aldiz aurreko astean gertatu da, egunkari horretan esaten den bezala, Astin ez ezik, herriko hainbat lekutan, eta nola ez, Ventas inguruan, estoldetatik eta “erreketatik” atera zen ura azpiegiturak gaindituta.

                       Meaga auzotik itsasora doan ubideari datorkion ura ezin bideratuz.    

Harritu daiteke bertako zein auzoko jendea Zarautzen uholdeak nolatan gerta daitezkeen entzunda. Beti izan ditu Zarautzek uholdeak, Zarautzek bai baititu berezko arriskuak, itsas mailan, eta beherago ere, dauden eremuak, ur-kanalizazio traketsak, eta Europak jakin arazita ere, kontuan hartzen ez dituen uholde-arriskurako irizpideak.

Arkamurka Natur Taldeak behin eta berriro errepikatu du Erriberetako Parkea izan daitekeela arrisku hauek gutxitzeko irtenbidea. Ihidieta (Irita) eta Astin daukagu urari bere lekua hartzen uzteko aukera paregabea, bide batez, herriko atze aldea urperatzeko arriskua gutxituz.


ihidietan daukagu urari bere lekua hartzen uzteko aukera paregabea.


Ez dago urrutira joan beharrik uholdeen aurka hezeguneek joka dezaketen papera ikusteko. Gasteizen Salburua parkea sortu zuten ibaiek harantza gainez egin eta alde zaharrean uholderik izan ez zedin. Arrakasta itzela izan du. Iñurritza errekaren eskuineko pareta kendu eta Ihidieta eta Asti urak hartzeko prestatuta, gauza bera lor daiteke. Aspaldikoa da aukera hori aztertzeko egindako plana. Zeren zain daude gauzatzeko? Benetako txikizioa gertatu zain?


           Asti (Sakeletxen) da urari bere lekua egingo lioken beste inguru paregabea.

Bi proiektu lortuko lirateke Erriberetako Parkea ganoraz eginda, bata, parke naturalizatu eder batez Zarauzko hiria errematatzea, eta, bestetik, uholdeak konpontzea. Baina, agian, inozook, poligono industrial berri bat nahiago dugu Ihidietan, okerbidetik jarraituz.
Kurriloek gogorarazi digute negua etortzear dagoela, baina Euskal Herriko bertso txapelketa ez bezala, euriteak urtaro guztietan eta urtero gerta litezke gurean. Diotenez, gainera, itsasoaren maila gora omen dator pixkana-pixkana.


Zarauzko Arkamurka Natur Elkartea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guztia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea; zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko, eta errespetu-falta sumatzen badugu jakin bedi mezua borratua izango dela.
Eskerrikasko.