2013(e)ko abendua 26, osteguna

Zarauzko dunak eta golfa


Ostiraleko HITZAn jaso genuen berria Zarauzko Real Golf Club-i urteko 40.000 € inguruko errenta jarri diola Udalak lur publikoak erabiltzeagatik, aurreko 1,5 €ren ordez. Pozten gara. Bazen garaia.
Arkamurka Natura-Elkarteak puntualizazio batzuk egin nahi ditu jendearen aurrean Zarauzko dunen inguruan:
1.-HITZAko testuan ez da argi geratzen duna-multzoa biotopoko zatia den edo biotopokoa izatea eskatzen den. Golfak okupatzen duen duna-sistema biotopoaren zati da 1997tik hona, LIC 2004tik eta ZEC 2013tik. Baina oraindik egiteko dago eremu horren “Erabilera-plana” eta dunetako landare mehatxatuen “Kudeaketa-plana”. Plan hau Gipuzkoako Foru-Aldundiak egin behar du eta espero dugu,eta hala eskatu izan dugu, 2016a baino egin dezan, golfeko kontratu-berrikuntza iristerako egina egon dadin. Hala gertatzen bada, kontratu berrian ez legoke ezer berezirik jarri beharrik kontserbazioari buruz, baizik eta delako Plan horrek esaten duena fin-fin bete besterik ez.
2.-Arkamurka Elkartea golf-jarduera hortik kentzearen aldekoa da, inpaktu handiegia duelako zona horretan, eta Ezker Anitzeko ordezkariak dioen bezala, “gunearen balore naturalaren kontserbazio eta berreskurapenarekin bateragarria” izan beharko luke bere erabilera. Arkamurkaren ustez, ez da bateragarria eta horregatik eskatzen dugu golf-jarduera handik kentzea.
Golf-jarduerak dakar, ordezkari berak, aipatzen dituen ondorioak: Ur-erabilpena (Erregaio-egun bakoitzean 300.000 litro ur ateratzen dituzte lurpetik), fitosanitarioen erabilera handia (herbizida, bermizida, …), belardi naturalaren green-eko belarren inbasioa, golfarien kanaleko etengabeko bisita (gainontzeko herritarrek debekatuta daukaten eremura), …
Duna eremu horretan azaleraren erdia landaredi naturalaren eremu kontsideratua dago teorian, praktikan errespetatzen ez dena. Eremu natural horretan dunetako landare-espezieak tipikoak diren 47 espezie desberdin bizi dira. Espezie horietatik Euskal Erkidegoan mehatxatuta dauden 17 espezietatik 10 Zarauzko dunetan bizi dira. Aberastasun horren ganorazko zaintza ez dugu bateragarria kontsideratzen golf-jarduerarekin.
3.-Arkamurka Natura-Elkartea dunen gainetik egin zen pasabidearen aurka azaldu zen bere garaian eta bere gestioari esker ez zen egin pentsatzen zuten adinakoa. Orain egin nahi dena lehen dagoena baino hobea dela uste dugu, hala ere, Arkamurkak ez luke orain egingo duna-eremu osoa naturalizatu arte, agian, orduan beste diseinu eta helburu batzuekin egin beharko litzatekeelako.
4.-Arkamurka duna-eremu osoa publiko izatearen alde dago eta Udalak ahaleginak egin beharko lituzke hala izan dadin, handik edo hemendik horretarako sosak bilduz. Zurrumurruak heldu zaizkigu Real Golf Cluba Narrostarren zatia erostekotan dabilela. Horrek esan nahiko luke golf-jarduera betikotzea eta inguru horren naturalizazioaren betirako oztopoa.
5.-Beti egin den bezala, idatzi horretan esaten da golf-jarduerak babestu duela duna-eremu “garrantzitsu” hori. Egia da, baina neurri batean, zeren ezin baita esan herritarren edo bertako erakundeen naturaren aldeko zentsibilizazioak babestu duenik, erabiltzen den diskurtsoak aditzera ematen duen bezala. Egun, duna sistema horrek duen mehatxu eta inpaktu handiena golf jarduera bera da.
5.-Errenta berria ezartzearen aldeko adostasun osoa lortu da Udaleko alderdi guztien artean. Ondo dago. Gainera eremu horren kontserbazioaren aldeko deklarazioak nabariak dira. Hori ere oso ondo dago. Arkamurka Natura-Elkarteak animatzen ditu alderdi guztiok modu berean jokatzea Ihidieta (Irita) eremuarekin eta hango industrialdearen proiektua batertzea. Hemendik 100 urtera esan dezatela XXI mendeko udal eta herritarrei esker eremu zoragarria duela hor Zarautzek.

Zarauzko Arkamurka Natura-Elkartea


1 iruzkin:

  1. Golfari esker iraun omen du Zarauzko dunak. Amerikako beltzek ere esklabistei zor omen diete bizia...

    Arrazoibide horrek ez du balio, falazia hutsa da.

    ErantzunEzabatu

Mundu guztia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea; zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko, eta errespetu-falta sumatzen badugu jakin bedi mezua borratua izango dela.
Eskerrikasko.