2021(e)ko martxoakren 7(a), igandea

Oroiminez atzera begira

Oroiminez atzera begira jarrita, izan nintzen umea datorkit gogora. Izan nintzen umea izan zen Zarautz galdu batean, orain ez dudan xalotasun batez begira herriari, eta bizitzari.

Umetan ikaragarri handia iruditzen zitzaidan ezagutzen nuen mundu txikia, baina sumatzen nuen ezagutzen nuen mundu urri hura mundu handiago baten zati txiki bat besterik ez zela.

Antzinako Zarautz txiki hura zuri-beltzean agertzen zen argazkietan, eta ez zen oraingo Zarautza denaren erdia ere. Hala eta guztiz, oso zabala zen galtza motzetan genbiltzanontzat (esan beharrik ez dago orduan mutikoak galtza motzetan ibili ohi ginela izterrak bizarrez bete arte).

Zarautz txuri-beltzean


Gure ezjakintasunean Zarautz herri handia eta ikusgarria zen. Pentsa!, bi desertu genituen herriko mugetan: desertu txikia eta desertu handia. Argiñanoren jatetxearen albokoa Desertu Txikia zen, malekoiak hesitzen ez duen hondartza zatia, gaur egun bi kioski txiki antzeko eraikuntzak mugatzen duten hondar-eremua, Desertu Handia Golfeko parean dagoen hori zen, gaur Biotopoa deitzeko ohitura hartu duguna, hare-muino edo dunak dituena.

Desertu Txikira futbolean egitera joaten ginen. Horretarako, ondo portatu behar zen eskolan, eta irteera bat egiteko behar adina merezimendu irabazi. Desertu Handian familia bi elkartzen ginen, oso noizbehinka, igandeko edo festa-egun berezi bateko bazkaria egiteko. Familia bat Talaimenditik behera jaisten zen, eta gu herritik joaten ginen. Herriko bi muturretan bizi ziren bi familia baserritar (lazkanotarrak biak ere emazteen aldetik) elkartzen ginen erdibidean (Desertu Handian) festaren bat ospatzeko, eta bazkaria egiten genuen hondartzaren ertzean. Kaletar jendeak nahiago izaten zuen hondar gainean egon, eguzkia hartu eta itsasoan bainatu, baina gu baserritar kastakoak ginen, eta leku “garbiagoa” nahi genuen bazkaltzeko, eta hondartzako hondar “zikina” baino nahiago genuen dunetako belar “ezaguna” mantelak han zabaldu eta jateko.

Bitxia zen orduko Zarautz txikia. Herri-kaskotik berrehun metrotara hasten zen beste mundu mota bat; hau da, herritik bertara zen baserri mundua, kalekotik bestelakoa zen aparteko mundua. Azken Portu izeneko taberna bat bazen herriaren ertzean, mugan, eta azken portu zibilizatu hartatik harantz basokoen lurraldeak zeuden, baserritarren mundua, bizitza ikusteko eta bizitzeko beste modu bat zuten jendeen mundua.

Desertu handia

Kanala

    Hondartzaren mugetan ere, desertu handitik harantzago, “kanala” zegoen; horrela deitzen genion itsasoratzen den lekutik Iñurritzarainoko erreka zatiari, neurri handian bi murru zuten artean korritzen zuen erreka zatiari.

Erreka hura kanalizatu zuten garaiko izena izan behar du kanala horrek. Garai hartan, aspaldi samar inola ere, padurari lurrak, baratzeak eta soroak lapurtzea zen herri nekazari langile batek egin zezakeen onena. Hala uste zen, eta hala egin zen. Noraezean zebiltzan ura, hemen putzu eta han errekasto, bideratu; eta taxuzko lur-eremuak sortu; erriberak, soroak eta baratzeak egiteko lur emankorrak sortu padura zikin bat besterik ez zen lurralde nahasian.

Mugak jarri urari, erretenak eta zangak urtero garbitu, urari ez eman pilatzeko aukeratik, ezta bide galduetan ibiltzeko ere: bere bidetik joan zitezela, gizakiok jarritako bideetatik, eta kanalera iritsi, azken finean.

Eta itsasoaren ertzetara hurbildu ahala, ur gezak eta itsasokoak nahas ez zitezen konportak jarri eta mareen indarrak amatatu. Oraindik ere badira langintza horien aztarnak Zarauzko Biotopoan. Goitik zetozen ur gezak otzandu, itsasotik gora zetozenei oztopoak jarri; erribera emankorrak antolatu.

Galtza motzetan ibiltzen ginen garaian "kanala" ez zen leku gomendagarria. Guardia zibilak joaten ziren hara, noizbehinka, tiro-jarduerak egitera eta halakoetan abisu ematen zuten egunkarietan jendeak arreta izan zezan: “Se advierte a los vecinos de la villa que la Guardia Civil realizará prácticas de tiro…”

Apaizek ere abisu ematen zuten ez zela leku hura leku gomendagarria arima garbi eduki nahi zuenarentzat. Deabruaren tentaldiei eutsi ezinik, eta lizunkeriak bultzatuta, hainbat bikote hara joaten omen zen beren grinei eutsi ezinik, haragikeriaren bekatu itsusian lohitzera. Eta beste batzuek, hura bekatuen jokaleku zela jakinik ere, gauez hara hurbiltzen omen ziren besteen lohikeriak ikusirik beren begiak eta arimak belztera.

Gauez gauzak ez ziren, ez, zuzentzen kanal bazterrean, okerrago bihurtu baizik. Lohikerietan amilduak eta begiluze lizunez gain estraperloan eta kontrabandoan ibiltzen zirenak ere leku hartara joaten omen ziren gauez. Mallarriko haitzetatik gorantz ezkutuan ekarritakoak herrirako bidean jartzera.

Ezkutuko eta gaueko lan legez kanpokoak ziren hangoak.

Baziren, ordea, egun argiz egin zitezkeen, eta agintari militar eta erlijiosoen begi zorrotzek ere gaitzetsi ezin zituzten beste hainbat ekitaldi kanalean egiten zirenak.

Arrantzale jendea anguletara joan ohi zen garai zenean, eta baita karramarro berdeak biltzera ere tretzak jartzeko.

Orain debekatuak daude tretzak, baina orduan ohiko kontua zen trezekin arrantza egitea; legezkoa zen ala ez beste kontu bat da…

Tretzak metro askotako soka luzeak dira, marea jaisten denean itsasertzean jartzen direnak harriekin edo taket sendoekin hondarretan finkaturik. Tretzaren soka nagusi horretan dozenaka eta dozenaka puntera jartzen dira, eta puntera bakoitzean bere amua, eta amu bakoitzean bere karnata. Marea igotzen denean itsasoak estaltzen du tretza eta itsas zabalean geratzen dira amuetako beitak, erdi bizirik, edo erdi hilik, berdintsu dio…

Beitarako ezin hobeak omen ziren amarra berdeak. Lupiak eta gaztaikak, bastangak eta zabalerak, muxarrak eta erlak, urraburuak eta zarboak… harrapatzeko beitarik onena. Hala esaten zidan, behintzat, nire osaba arrantzaleak kanaleko ur usaintsuen ertzetan amarra iheskor haiek harrapatzeaz aspertuta ikusten ninduenean.

Amarra berdea


Lupia

Denborarekin, ur garbi samarreko erreka zen kanala ur zikinez basitu baitzen azkenerako. Gero eta zarauztar eta udatiar gehiago ginen herrian eta errekako urak mokordoz betetzen joan ziren. Ordukoa da Peste izendapena: Riopeste edota Erriopest. Kiratsak uxatu zituen hainbat eta hainbat bizidun kanaleko ur eta ertzetatik.

Hala eta guztiz, arrantzaleek arrantza kontuetarako eta nekazariok hondarra eskuratzeko erabiltzen genuen kanala.

Mandoa eta karroa hartuta herritik abiatzen ginen San Pelaioraino. Zubiaurreberritik behera, ezkerraldean, bazen baserritxo bat eta atarian Matusalenek berak baino urte gehiago izan behar zituen kateko zakur iletsu bat. Ahots lakarrarekin zaunka egiten zigun karro gaineko oholean eserita gindoazenoi:

—Lau, lau, lau.

Aita zenak errepikatu ohi zuen handik pasatzen ginen aldi oro:

—Oker habil, ez gaituk lau; bi bakarrik gaituk.

Bi edo hiru. Gutxitan ginen gehiago eta ez dakit inoiz asmatu zuen zakur zaharrak bere laukoa iragartzean.

Esan bezala, kanalera hondar bila joaten ginen. Udalak baimena emana zuen nekazariok udaberrian behar adina hondar handik jasotzeko. Hori baino lehen frantziskotarren komentuaren parean zen jaitsiera batean jasotzen zen baratzetarako hondarra. Paper zaharretan irakurria dut jaitsiera horretatik bertatik eramaten zirela txerriak itsasoan garbitzera. Bidaiari batek baino gehiagok aipatu izan du gure herriko ohitura bitxi hori.

Baina goazen harira. Udaberrian azenarioak ereiten dira, beste hainbat barazki bezala, eta azenarioak landare delikatuak dira, mizkinak, litxarreroak. Lur gozo-gozoa eskatzen duten horietakoak. Lurra goldatu, aretu, eta hazia erein ondoren, narra eta harrizko alperra pasatzen zitzaion gainetik zokor guztiak txiki-txiki egin eta soroa ume baten ipurdia baino leunago jartzeko. Baina hori dena ez zen, itxuraz, nahikoa azenarioentzat, eta hondarrarekin lur gaina goxatu behar izaten zitzaion.

Horretarako behar izaten zen kanaleko hondarra.

Gogoratzen dut hondarretara joandako horietako batean martin arrantzale bat erakutsi zidala aitak:

—Ikusten al duk hango sastraka hartan dagoen txoria? Zain egoten bahaiz, arrantzan nola egiten duen ikusiko duk.

Eta halaxe izan zen, hain kolore ederretako txori hura gezi bat bezala murgildu zen errekako uretan eta arraintxo bat mokoan zuela irten zen.

Gaur egungo oroimenetik, galtza motzeko garaietako begiekin ikusten saiatzen naiz orduko itsasertza eta erreka ondoa, eta bakardadea da etortzen zaidan oroitzapena. Han ez zen jenderik ibiltzen. Bakardadea eta hegaztiak, egia esateko.

Kuliskak eta txilipotak ikusten ziren ur ertzean, eta alkarabanak eta maiatzeko kuliskak aipatzen zituzten auzokoek. Eta, isilpean, istingorrak eta hegaberak. Perretxikozale batek esaten ez duen bezala non aurkitu dituen udaberriko zizak, onddoak edo kuletoak, ehiztariak ez ditu aipatzen istingorrak eta hegaberak… ehizatu ez dituen bitartean, behintzat.

Padurara nahiz zelai eta erriberetara (orduan zabalak eta ugariak ziren) jaisten zen ehiza udazkeneko pasean edo udaberriko kontrapasean. Gogoan dut halako batean hegabera bat izan genuela etxean. Ehiztariren batek tiro ustela bota eta zauritua zegoen (hanka hautsia zeukan, oker ez banago), eta hala ere ihes egin zion ehiztariari, edo ezkutuan gorde. Ez zen gustura izango ehiztari gizajoa!

Aitak aurkitu zuen ganadu-jatena egitera joan zenean erriberetara, eta etxera ekarri zuen. Etxeko komunean sartuta eduki genuen, eta ogi-papurrak eta garagar-aleak ematen genizkion jateko. Ez dut uste oso gustura egon zenik gure komunean, buru gaineko mototsa ere azkar baino lehen okertu zitzaion, izuaren izuz, nik uste…

Kuliska

Hegabera

Zarauzko Biotopoko garai hartako bi irudi ahaztezinak ditut, biak ere inguruaren naturarekin zer ikusirik ez dutenak. Bata, guardia zibilak tiro-saioak egin eta biharamunean mutiko-kuadrilla bat harritan sartuta geratutako balak jasotzera joan ginenekoa, eta, bestea, ekaitz izugarri eta itsaso gogor baten ondoren Gustav itsasontziaren ohol zaharrak hondarretatik saihets-hezurrak balira bezala nola irteten ziren ikustera joandakoa.

Munduaren mugaraino joan eta ezezagunarekin aurkitzea bezain zirraragarria zen hura oraindik galtza motzetan genbiltzanontzat!

 

J. M. Olaizola “Txiliku”

Arkamurka taldea

2008-06-10 / 2020-02-22


2020(e)ko irailakren 28(a), astelehena

IÑURRITZA, IMAJINATZEN HASITA

Zarautz hiri urbanoa da, zarauztarrak kale txukun eta garbiak nahi ditugu, etxe dotoreak, kale bazterretako zuhaitzak ondo kimatuak, belarguneak ia astero ebakiak, paseoak itsasbazterrean, espaloi zabal eta baldosa dotorez hornituak, …

Hirigunetik at zer gertatzen den ez zaigu asko inporta. Etxegintza saltzen digute agintariek eta guk onartu egiten dugu. Behin baino gehiagotan esan dut “Imajina ezazu Azken Portun etxez beteko den Salberdin eremu guzti hori parke”. Imajinatzekoa da. Pentsatzekoa da egingo diren etxe guzti horiek zer onura dakarkien Azken Portuko biztanleei?

Ni ere Iñurritza imajinatzen hasi naiz, hirigunearen ertzean dagoen eremu babestu hori. Orain landare eta animalien babesleku beharko lukeena jendez inguratua eta zapaldua ikusten dut. Begiak itxi eta nik nola nahiko nukeen imajinatzen hasi naiz. Eremu horretan landare eta animaliak lasai bizi direla pentsatzeak asebete behar gintuzke, baina ez, guk ere han egon nahi dugu, dena ikusteko, azkenean jendea ez beste ezer ez ikusteko.

1.-Lehenik ibaiaren bi aldeak batzen dituen zubirik gabe imajinatzen dut. Zubi horrek eragiten du jendetza ibiltzea biotopoan zehar.

2.-Iñurritzaren eskuinaldean ez dut ikusten goiko kanpinetik behera datorren eskailerako jendearen joan-etorria, ezta araztegia ere, ezta beheko kanpina eta sarrerako jatetxea ere.

3.-Iñurritzaren ezkerraldean ez dut ikusten golf-zelairik. Golfa egiteko kanpotik sartu diren ehunka tona lurrik gabe nabari dut eta dunetara itsaso aldetik harea sartzen eta bertako landareak hazten.

4.-Pasarela desagertu da nire imajinazioan, ez dago inolako oztoporik itsaso aldetik letorkeen haize, harea eta hegaztientzat.

5.-Pare bat tokitan, biotopoaren ertzetan eraikiko nituzke behaketa-dorreak, handik herritarrek disfruta dezaten dugun altxorraz, baina barnera sartu gabe.

Eremu babestua dela esaten dugu, esan nahi baita, landare eta animaliak bertan babesten diren eremu bat dela, gizakiaren presiotik babestuak.

Imajinaziotik errealitatera eman dut saltoa. Zer gertatzen da biotopoan? Errepaso bat: jendea etengabe harat honat; araztegia, kanpina eta jatetxea; golfari, katu eta txakurrak hegaztiak uxatzen; udan musika eta zarata da egunez eta gauez; jendea padurako hondartzara eta duna aurrera sartzen; golfistak nahi dutena egiten (ehun urte ondoren oraindik jarduera-baimenik gabe, golfeko ibilgailuak eguna zabaldu baino lehen hegaztiak uxatzen, pisten kontserbaziorako pestizidak erabiltzen, akuiferoko milioika litro ur gastatzen), …

Eta bihar? Imajinatzen jarraitu dut : herriko biztanleak gehituko direnez, jende gehiago ikusten dut bertan; eskuin aldeko bidean eta pasarelan farolak jarriko dituzte, golfari beste 20/30 urterako baimenak emango dizkiote, itsas mailak gora egin ahala bertako azpiegiturak sendotuko dituzte, araztegia handituko dute eta, agian, beheko kanpina ere bai. Hitz batean, azukre-koxkorra uretan urtzen den bezala ikusten dut biotopoaren geroa.

Martxel Aizpurua

Arkamurka natura-elkarteko kidea

2020(e)ko irailakren 20(a), igandea

FLAMENKOAK ZARAUTZEN

Larunbat arratsalde grisa, euria aspaldiko partez. Itsasoa epel, hori bai, irailean eguna moztu arren itsasoa bainurako zoragarria mantentzen baita. Itsasoari so, eta halako batean, ustekabean  bi turista dotore, hegan, itsasotik hondartzara, Argiñano parera: falmenkoak! Lirain, dotore, dantzan, hanka luze horien gainean. Urduri, kurioso, moko luze eta okerrak bistaratuz. Abisua whassapez hori ikusteko suertea izan zutenengandik: “2 flamenko oraintxe Argiñano parean!! Iñurritza aldera doaz”. Mezua jaso bezain pronto, kamara hartu eta korrika haruntz, gertaera hori ezin baitzen galdu. Flamenkoak Iñurritzan! Pasean datoz iparretik hegorako migrazioan, badakigu, astean zehar Txingudin ez ezik, kostaldeko beste hainbat herrietatik ikusiak baitzituzten. Baina, Iñurritzan gelditu egin ziren, arnasa hartzeko tartea hartzea erabaki zuten, inguru hori aukeratu zuten, argazkiak ateratzeko beta eskainiz. Lehendabiziko zita da, aurretik ez da halakorik ikusi, edo ikusi bada, ez da jaso. Zergatik aurten? Goizegi da galdera horri erantzuna emateko, baina larunbat euritsuan hondartzan egoen bakeak izango zuen eragina ... Iñurritza handia da bere txikitasunean; hor daukagun altxorra behar bezala zaintzen badugu, hamaika ikusteko gaude oraindik. Gure esku dago hein handi batean. Zeinek esan, flamenkoak Zarautzen!

Eneko Azkue

Arkamurka natura-elkarteko kidea





2020(e)ko abuztuakren 27(a), osteguna

Iñurritzako biotopoan eta inguruko lezkadietan onddoak bai?

 Leucoagaricus barssii

Xelebrea izan bazen udaberria, uda arraro samarra eta, udazkenari begira ziurgabetasuna nagusitzen ari dela esan genezakeen ere. Kontuak kontu, onddoek bere hartan jarraitzen dute eta Inurritzako biotopokoak eta inguruko lezkadikoak erakusgai jartzea une aproposa izan daitekeela pentsatu dugu. 

Zona hauetan, onddoei buruz ikerketa batzuk egin dira. Historia apur bat eginez, 1990. hamarkadan, Zarauzko dunetan (Golf eremua eta inguruak) Aranzadi Zientzia Elkarteko Xabier Laskibar eta Jose Luis Albizu (Golindo, Arkamurkako kidea ere) mikologoek ikerketa eta datu bilketa aipagarriak egin zituzten. Ondoren, 2012-2013. urteetan Ibai Olariagak, Arkamurka teilatuaren pean, Ihidietako (Irita) lezkadietan ikerketa bikaina burutu zuen (Urola Kosta eta Oria itsas adarreko lezkadien azterketa miklogikoa) . Horiek guztietan, aldiro egin diren hainbat behaketetan eta Aranzadiko Aran-fungi herbarioan eta abarrekoetan oinarriturik, Iñurritza, Ihidieta eta Astiko onddoen katalogoa egiten hastea erabaki dugu. 

Hona hemen katalogo honetako onddo batzuk:

Agaricus devoniensis

Agaricus moellerianus

Dunetako azpibeltza (Agaricus devoniensis) Zumaiako eta Zarauzko hareatza eta dunetan behatu da bakarrik.

Onddoen garapenerako ezinbestekoa litzateke Golf barruko nahiz kanpoko duna eta hareatzako guneak naturalki mantentzea eta egoki kudeatzea.


Hareatza eta dunetako espezie batzuk ikus ditzakegu jarraian:

Psathyrella ammophila

Gipuzkoan oso espezie urria da, urteetan Inurritzako biotopoan soilik azaltzen zen eta azken urteotan, Zumaiako Santio hondartzan eta dunetan egindako babes eta kudeaketari esker onddo hau garatzen hasi da. 

Lepiota brunneoincarnata 

Leucoagarigus barsii

Lepiota brunneoincarnata pozoitsu eta hilgarria, eta udazken euritsuetan hanka sakon hondoratua duen Leucoagaricus barssii espezieak Golf eremuaren barruan aipatuak izan dira.

Tulostoma brumale

Hanka putz leuna (Tulostoma brumale) espezie ugarienetako bat izan arren, azken urteotan bere presentzia nabarmen gutxitzen ari da. 

Hygrocybe acutoconica

Golf barruan, mantentzen diren duna eremuetako goroldioen artean Hygrocybe acutoconica espeziea azaltzen da udazken bukaeran.

Galerina graminea 

Golf barruan, mantentzen diren duna gunetako goroldioen artean Galera leuna (Galerina graminea) espeziea azaltzen da udazken bukaeran eta negu hasieran. 

 Arrhenia spathulata

Dunetako goroldioen artean eta negua aldean Arrhenia spathulata onddoa nahikoarrunta izaten da

Omphalina pyxidata.

Hygrocybe conicoides

Hygrocybe conicoides Euskadiko behin behineko zerrenda gorrian azaltzen den espeziea da. Egun, zerrenda horiek osatzeko erabiltzen ari diren irizpideak kontutan harturik, Euskal Herriko dunetako eta hareatzetako berezko espezie gehienak horretan jasoak beharko liratekeela uste dugu.

Lepiota brunneolilacea

Onddo hau Euskal Herrian, Gipuzkoan, Zarauzko eta Zumaiako dunetan aipatua izan da; Bizkaian, Azkorriko eta Gorlizeko dunetan eta San Kristobaleko hareatzetan. Euskal Herrian eta Penintsula mailan egin diren zerrenda gorrietan ez da espezie hau atxikitu. 

Aipatu behar da ere, onddoek orain arte nazioarteko zerrenda hauetan oso presentzia txikia izan dutela, baina 2019. urtean IUCN erakundeak onddoen egoera errebisatu zuen eta zorionez zerrenda berri bat proposatu zuela esan behar dugu.

 Ea zer dion erakunde honek:

Established in 1964, the International Union for Conservation of Nature’s Red List of Threatened Species has evolved to become the world’s most comprehensive information source on the global extinction risk status of animal, fungus and plant species. 

The IUCN Red List is a critical indicator of the health of the world’s biodiversity. Far more than a list of species and their status, it is a powerful tool to inform and catalyse action for biodiversity conservation and policy change, critical to protecting the natural resources we need to survive. It provides information about range, population size, habitat and ecology, use and/or trade, threats, and conservation actions that will help inform necessary conservation decisions. 

Konkretuki, espezie honi buruz egiten duen proposamenaren laburpen bat jasotzen dugu adibide gisa: 

Red List Category & Criteria: Vulnerable D1 

Year Published: 2019 

Date Assessed: March 29, 2019

JUSTIFICATION: 

Lepiota brunneolilacea is a fairly large Lepiota species with a minutely scaly, vinaceous brown to lilac brown pileus of 30-75 mm and a sturdy stipe (20-80 x 8-15 mm) with a floccose annulus. It is one of the very few Lepiota species growing in dunes near the sea-coast, the stipe base often deeply buried in sand. The species has a restricted range along the coasts of western and southern Europe. The sites are potentially threatened by recreational development, artificial fixation of dune sand and, in the longer term, rising of the sea level, however the rate of any population decline is difficult to quantify. Its global population is estimated as under 1000 mature individuals. It is therefore assessed as VU D1.

CONSERVATION ACTIONS: 

The main conservation action required for this species is the preservation of undisturbed, dynamic, sandy coasts. Monitoring of known sites may be useful to obtain a more detailed understanding of habitat requirements and population dynamics.


Esan behar dugu ere, 2007. urtean, Rafa Picón, Isabel Salcedo, Ibai Olariaga eta Estibaliz Sarrionandia ikerlariek “Monitorización de la micoflora de las zonas dunares del Pais Vasco” on-line argitarau zutela. Ikerketa horretan, besteak beste, Portugaleteko Mikologia Elkartea, Landareen Biologia eta Ekologia Saila-EHU, Arkamura Natur Elkartea, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Sestaoko Natur Zientzien Elkartea erakundeetako kideek kolaboratu zuten.

Oso lan interesgarria izan arren, honek segida behar duela izan ez dago dudarik. Horregatik, Euskal Herriko duna-hareatzetan, kasu honetan Inurritzako biotopoan, monitarizazioak eta bizidunen populazioen katalogoak eta jarraipen sistematizatuak datuak jasotzeko, konparatzeko eta balorazioak egiteko indarrean jarri beharko liratekeela uste dugu.

Anthracoidea arenariae 

Onddo hau Carex arenaria landarearen obulutegian hasten da, landare gehienak parasitzen dituelarik.

Clytocibe leucodiatreta

Clitocybe leucodiatreta ondo kontserbatutako zonetan azaltzen da.

Coprinopsis strossmayeri

Biotopoko duna eta hareatzetan azaldu arren, Zarauzko herriko hainbat lorategitan ikusi ahal izan dugu onddo hau. Argazkian, biotopoko pasarela zaharreko egur hesiaren kontra, udaberrian urtero ateratzen ziren aleak ikusten dira.

Egun, Biotopo babestua mugatuta dagoen eremuan, lezkadi txikiak daude, baina zonarekin harreman ekologiko zuzenean dauden multzo interesgarriak (Ihidieta eta Asti) azaltzen dira. Horregatik, lezkadi horietan azaltzen diren onddoak katalogo berean integratzea erabaki dugu.

Estuarioko bokalean lezkadi multzo txikiak

Ihidietako lezkadia

Berez, lezkadiak ur lamina bat dagoen inguruetan agertzen dira baina denboraz, sendimentoen metaketen ondorioz, ura gutxitzen dute eta lur maila igotzen da horrela beste espezien konolizazioari atea irekiz.

Habitat hauetan azterketa mikologi gutxi egin arren, oso espezie interesgarriak azaldu dira, eta Ihidietako lezkadian egindako ikerketen arabera Iberiar Penintsulan ezagutzen ez ziren bi espezien ekarpena egin da, besteak beste, Didymosphaeria massarioides eta Rosellinia franciscae. Euskal Herrian aurrenengo aldiz aipatu diren espezieak ere azaldu dira: Ihidieta. Lezkadia. Arthrinium arundinis, Lachnum controversum, Massarina arundinacea, Farysia thuemenii, Gibberella pulicaris, Hydropisphaeria arenula, Lasiobelonium lanceolatum, Lophiostoma arundinaceum, Mollisia retincola, Puccinia phragmitis, Stenocybe pullatula, Stictis stellata, Torula herbarum

Didymosphaeria massarioides

Lachnum controversum

Hydropisphaeria arenula

Lachnella alboviolascens

Calycina claroflava (Bisporella sulfurina)

Mollisia hydrophila

Thyphula gyrans

Ihidietako lezkadiak onddo espezie kopurua altuak eman zuen, bertako lezkadietan beste hainbat landare baskular (Iris pseudacorus, Lysimachia vulgaris, Aster tripolium, Angelica vulgaris, etab.) eta haltza (Alnus glutinosa) hosto, infruteszentzia eta adar txikiak azaltzen direlako. Adibide modura, haltzatik eroritako hostoetan Thyphula gyrans onddoa aurkitu zen.

Lezkadietatik Talaimendira saltu eginez, belardietan geratuko gara. Bertan onddoak biziko al dira?

Belardiak intereseko habitatak direla dio kartelak. Hala da, belardiak oso aberatsak dira onddo-espezietan, baina habitat hauek gehiegi ongarriztatzeagatik espezie gehienak ia desagertu direla esan behar dugu. Egun, belardietako onddoak, mehatxu handiena duen onddo taldea dela baloratzen da, eta hainbat espezie UICN mundu mailako zerrenda gorrian jasotzen da. Esan bezala, ongarriek eta produktu kimikoek, urte askotarako desager arazi dituzte espezie gehienak. Gainera, Europako mendebaldean azken 75 urte hauetan, belardien %90 inguru desagertu direla kontsideratzen badugu, habitat hauetan kudeaketa ekologiko egokiak garatzea oso garrantzitsua dela begi bistan da.

Hygrocybe chlorophana

Talaimendiko belardietan ezko horia nahiko arrunta zen. Egun, nekez ikus daiteke.

Cuphophyllus pratensis

Belardi-ezkoa kostaldeko belardietan espezie oso arrunta zen. Egun, han hemenka ikus daiteke. Besteak beste, egorea fisiko-kimikoa egoki eta egonkorra mantentzen dituzten belardiak, dreinatze sistema onekoak eta goroldioen presentzia dutenak onddoentzat beharrezko baldintzak dira. Egun, belardien egoera ekologikoa ebaluatzeko onddoen kopurua adierazle eta irizpidetzat hartzen dira. Ba, ebaluatzen hasi beharko dugu!...

Tira, belardietatik, labarretara joko dugu, oraindik sorpresa batzuk badira ere. Izango ote dira onddoak itsaslabarretan?

Flyscheko arrokei begira jarri eta horietan onddo likenizatu (liken) ugari ikusiko dituzue.

Likenak onddo baten eta alga edota zianobakteria baten arteko elkarte sinbiotikoaren bidez eratzen diren organismoak dira. Onddo mutualistak direla esaten da, beste izaki bizidun batzuekin bizi direlako. 2016. urtean Science aldizkarian argitaratu zutenaren arabera, ikertzaileek aurkitu dute basidiomizetea den legami batek ere parte hartzen duela liken askotan, eta uste dute likenaren egituran duela garrantzia.

Ochrolechia parella

Lecanora praepostera

Blastenia crenula

Ochrolechia parella, Lecanora praepostera eta Blastenia crenula onddo likenizatuak Mollarri gaineko flyscheko arroka silizioetan nahiko arruntak izaten dira.

Hydropunctaria maura, itsasoak gehiago edo gutxiago astintzen dituen arroketan azaltzen da.

Caloplaca flavescens Talaimendi inguruan dauden arroka eta harri landuetan azaltzen da.

Xanthoria parietina espezieak berriz, arrokak, harri landuak, zuhaitzak, egur landua… kolonizatzen ditu.

Lecanora chlarotera

Flavopermalia caperata

Biotopoko zuhaitz enbor eta adarrak liken desberdinez hornitzen dira. Horien artean Lecanora chlarotera eta Flavopermalia caperata hedatuenetakoak direla aipatu behar da.

Erriberetako urak itsasoratu arte onddoak irudikatzen jarraituko dugu. Oraingo honetaz, han hemenka eta likenizatu ez diren espeziei erreparatuko diegu. Horien artean, hildako egur mota deberdinetan hasten den ardagaitxoa aipatuko dugu

Schizophyllum commune

Ardagaitxo honek hildako eta usteltzen ari den edozein egur mota errez kolonizatzen ditu

Peroneutypa scoparia askomizetoak zuhaitza eta landare desberdinetako (arkazia, platanonodoa, lizarra, otea…) hildako enbor eta adarretan nahiko arrunta izaten da

Agrocybe cylindracea, makal-zizak makaletako motzondoak begikoak ditu.

Orain bai, itsasora iritsi gara eta hasieran esan bezala Iñurritza-Ihidieta-Astiko onddoen katalogo irekia aipatuz amaiera emango diogu kapitulu honi.


Egileak: J.L. Albizu*^ / Ibai Olariaga* / Joxepo Teres*^ (*) Aranzadi Zientzia Elkartea / (^) Arkamurka Natura Elkartea


Iñurritza-Ihidieta-Asti / Onddoen behin-behineko katalogoa  

Biotopo babestuan eta bere inguruan azaltzen diren lezkadietan onddoen behin-behineko zerrenda azaltzen dugu. Erregistro eta bilketa guztiak, Aranzadi Zientzia Elkarteko web orriko Mikologia Sailak duen aplikazioan ikus daitezke. Material gehiena Aran-fungi herbarioan jasoa dago. Zalantzarik ez dago ikerketa sakonagoak eginda askoz espezie gehiago aurkituko liratekeela. Beraz, ikerlari eta erakunde desberdinak lanean jarri behar.