Lertxun gorria (Ardea purpurea), Iñurritzako ixpillako putzuan
Xelebrea izaten ari da, benetan, aurtengo udaberria. Konfinamendua izan da Arkamurkako kideon egunerokotasuna, etxean preso pasatzen ari gara egunak. Baina, egoera honi ere jakin dugu etekina ateratzen: Aste Santu honetan inoiz baino denbora gehiago izan dugu kontenplaziorako gure etxeetako leiho, balkoi eta teilatuetatik.
Lertxun talde bat
Lertxun gorriak (Ardea purpurea) Aitziber Sarobe
Lertxuntxo haundia (Egretta alba) Aitziber Sarobe
Han eta hemen ikusi duguna partekatzea izan da whassap-taldean partekatu dugun jolasa. Herriko punta batetik bestera izan ditugu begiraleak paseko hegaztiak kontatzen ez ezik, auzoetan kantari ikusi ditugun hegaztiei argazkiak ateratzen edota lorategietako landare eta zelaietako perretxikoen berri ematen. Iñurritzari begira ere orduak pasatu ditugu.
Lertxun gorriak (Ardea purpurea) Aitziber Sarobe
Ederra izan da egunero usapalak, zozoak, birigarroak, txolarreak, karnabak, txorruak, txirriskalak, txantxangorriak, buztangorriak, buztanikarak, buztanluzeak, gerri-txoriak, kaskabeltzak, txinboak, txioak, errekatxindorrak edota enara azpizuriak eta sorbeltzak bezalako txori txikiak, edota beleak, mikak, zapelatzak eta tartean behin bisitatzen gaituen belatza ikusteko aukera izatea.
Txirriskil arrunta (Serinus serinus)
Zer esanik ez ura maite duten uroilo, ahate, txilinporta, lertxun, amiltxori, kaio eta limikolei begira egotea.
Lertxuntxo haundia (Egretta alba) Aitziber Sarobe
Lertxuntxo handia egun bakarrean dozena erdi aingira jaten ikusi dugu, lertxun gorriak lertxuntxo txikiak uxatzen eta borrokaldi hori ikustera lertxun hauskara hurbiltzen. Gaua iritsi orduko, sagu-zaharrak bistaratzen dira eta iluntzean urubia entzuten da zuhaitzetan, hontza zuriaren garrasiei gailentzen, ozen. Bere txikitasunean, handia baita Iñurritza, bioaniztasunean aberatsa, begira jarri nahi duenarentzat.
Baina, Iñurritzako Biotopoan bada bakerik ezagutzen ez duen eremua: golfa, hain zuzen. Beratako langileek ez dute konfinamendurik bete. Egunero moztu dute belarra, green-etan eta green-etatik kanpo, sarri sarri ureztatu dituzte bazterrak eta inoiz gatza botatzen ere ikusi ditugu. Badirudi golfeko langileen lana premiazkoa dela, ostalaritza eta beste hainbat jarduera baino premiazkoagoa, inondik ere.
Beste behin, aukera ederra galdu dugu Iñurritzako dunei atsedena emateko, bertako landaretza bakean uzteko. Egunero motordun makinen zaratarekin hasten dugu bertako bizidunok eguna. Batzuk leihoak itxi ditzakegu, ez ordea hainbesterainoko gozamena eskaintzen diguten gainerako animaliek.
Konfinamendu-egoeran gaudela Ingalaterrako Lincolnshire eremuan administrazioak Golf zelai bat zena bioaniztasuna berreskuratzeko erosi duela irakurri dugu, hegazti migratzaileak berriz bueltatuko direnaren esperantzan. Horra hor gure ametsa egi bihurtuta.
Lertxun gorriak (Ardea purpurea)
Golfa ureztatzen
Iñurritza biotopoaren irudi bat.
Kurlinta bekaindun (Numenius phaeopus) talde bat golfean.
Mokozabalak (Platalea leucorodia)
Usapalak (Streptopelia turtur)
Usapala (Streptopelia turtur)
Zingira mirotza (Circus aeruginosus)
Iñurritzako biotopoa egunsentian.
Egilea; Aitziber Sarobe.