2020(e)ko irailaren 28(a), astelehena

IÑURRITZA, IMAJINATZEN HASITA

Zarautz hiri urbanoa da, zarauztarrak kale txukun eta garbiak nahi ditugu, etxe dotoreak, kale bazterretako zuhaitzak ondo kimatuak, belarguneak ia astero ebakiak, paseoak itsasbazterrean, espaloi zabal eta baldosa dotorez hornituak, …

Hirigunetik at zer gertatzen den ez zaigu asko inporta. Etxegintza saltzen digute agintariek eta guk onartu egiten dugu. Behin baino gehiagotan esan dut “Imajina ezazu Azken Portun etxez beteko den Salberdin eremu guzti hori parke”. Imajinatzekoa da. Pentsatzekoa da egingo diren etxe guzti horiek zer onura dakarkien Azken Portuko biztanleei?

Ni ere Iñurritza imajinatzen hasi naiz, hirigunearen ertzean dagoen eremu babestu hori. Orain landare eta animalien babesleku beharko lukeena jendez inguratua eta zapaldua ikusten dut. Begiak itxi eta nik nola nahiko nukeen imajinatzen hasi naiz. Eremu horretan landare eta animaliak lasai bizi direla pentsatzeak asebete behar gintuzke, baina ez, guk ere han egon nahi dugu, dena ikusteko, azkenean jendea ez beste ezer ez ikusteko.

1.-Lehenik ibaiaren bi aldeak batzen dituen zubirik gabe imajinatzen dut. Zubi horrek eragiten du jendetza ibiltzea biotopoan zehar.

2.-Iñurritzaren eskuinaldean ez dut ikusten goiko kanpinetik behera datorren eskailerako jendearen joan-etorria, ezta araztegia ere, ezta beheko kanpina eta sarrerako jatetxea ere.

3.-Iñurritzaren ezkerraldean ez dut ikusten golf-zelairik. Golfa egiteko kanpotik sartu diren ehunka tona lurrik gabe nabari dut eta dunetara itsaso aldetik harea sartzen eta bertako landareak hazten.

4.-Pasarela desagertu da nire imajinazioan, ez dago inolako oztoporik itsaso aldetik letorkeen haize, harea eta hegaztientzat.

5.-Pare bat tokitan, biotopoaren ertzetan eraikiko nituzke behaketa-dorreak, handik herritarrek disfruta dezaten dugun altxorraz, baina barnera sartu gabe.

Eremu babestua dela esaten dugu, esan nahi baita, landare eta animaliak bertan babesten diren eremu bat dela, gizakiaren presiotik babestuak.

Imajinaziotik errealitatera eman dut saltoa. Zer gertatzen da biotopoan? Errepaso bat: jendea etengabe harat honat; araztegia, kanpina eta jatetxea; golfari, katu eta txakurrak hegaztiak uxatzen; udan musika eta zarata da egunez eta gauez; jendea padurako hondartzara eta duna aurrera sartzen; golfistak nahi dutena egiten (ehun urte ondoren oraindik jarduera-baimenik gabe, golfeko ibilgailuak eguna zabaldu baino lehen hegaztiak uxatzen, pisten kontserbaziorako pestizidak erabiltzen, akuiferoko milioika litro ur gastatzen), …

Eta bihar? Imajinatzen jarraitu dut : herriko biztanleak gehituko direnez, jende gehiago ikusten dut bertan; eskuin aldeko bidean eta pasarelan farolak jarriko dituzte, golfari beste 20/30 urterako baimenak emango dizkiote, itsas mailak gora egin ahala bertako azpiegiturak sendotuko dituzte, araztegia handituko dute eta, agian, beheko kanpina ere bai. Hitz batean, azukre-koxkorra uretan urtzen den bezala ikusten dut biotopoaren geroa.

Martxel Aizpurua

Arkamurka natura-elkarteko kidea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guztia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea; zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko, eta errespetu-falta sumatzen badugu jakin bedi mezua borratua izango dela.
Eskerrikasko.