2021(e)ko martxoakren 7(a), igandea

Oroiminez atzera begira

Oroiminez atzera begira jarrita, izan nintzen umea datorkit gogora. Izan nintzen umea izan zen Zarautz galdu batean, orain ez dudan xalotasun batez begira herriari, eta bizitzari.

Umetan ikaragarri handia iruditzen zitzaidan ezagutzen nuen mundu txikia, baina sumatzen nuen ezagutzen nuen mundu urri hura mundu handiago baten zati txiki bat besterik ez zela.

Antzinako Zarautz txiki hura zuri-beltzean agertzen zen argazkietan, eta ez zen oraingo Zarautza denaren erdia ere. Hala eta guztiz, oso zabala zen galtza motzetan genbiltzanontzat (esan beharrik ez dago orduan mutikoak galtza motzetan ibili ohi ginela izterrak bizarrez bete arte).

Zarautz txuri-beltzean


Gure ezjakintasunean Zarautz herri handia eta ikusgarria zen. Pentsa!, bi desertu genituen herriko mugetan: desertu txikia eta desertu handia. Argiñanoren jatetxearen albokoa Desertu Txikia zen, malekoiak hesitzen ez duen hondartza zatia, gaur egun bi kioski txiki antzeko eraikuntzak mugatzen duten hondar-eremua, Desertu Handia Golfeko parean dagoen hori zen, gaur Biotopoa deitzeko ohitura hartu duguna, hare-muino edo dunak dituena.

Desertu Txikira futbolean egitera joaten ginen. Horretarako, ondo portatu behar zen eskolan, eta irteera bat egiteko behar adina merezimendu irabazi. Desertu Handian familia bi elkartzen ginen, oso noizbehinka, igandeko edo festa-egun berezi bateko bazkaria egiteko. Familia bat Talaimenditik behera jaisten zen, eta gu herritik joaten ginen. Herriko bi muturretan bizi ziren bi familia baserritar (lazkanotarrak biak ere emazteen aldetik) elkartzen ginen erdibidean (Desertu Handian) festaren bat ospatzeko, eta bazkaria egiten genuen hondartzaren ertzean. Kaletar jendeak nahiago izaten zuen hondar gainean egon, eguzkia hartu eta itsasoan bainatu, baina gu baserritar kastakoak ginen, eta leku “garbiagoa” nahi genuen bazkaltzeko, eta hondartzako hondar “zikina” baino nahiago genuen dunetako belar “ezaguna” mantelak han zabaldu eta jateko.

Bitxia zen orduko Zarautz txikia. Herri-kaskotik berrehun metrotara hasten zen beste mundu mota bat; hau da, herritik bertara zen baserri mundua, kalekotik bestelakoa zen aparteko mundua. Azken Portu izeneko taberna bat bazen herriaren ertzean, mugan, eta azken portu zibilizatu hartatik harantz basokoen lurraldeak zeuden, baserritarren mundua, bizitza ikusteko eta bizitzeko beste modu bat zuten jendeen mundua.

Desertu handia

Kanala

    Hondartzaren mugetan ere, desertu handitik harantzago, “kanala” zegoen; horrela deitzen genion itsasoratzen den lekutik Iñurritzarainoko erreka zatiari, neurri handian bi murru zuten artean korritzen zuen erreka zatiari.

Erreka hura kanalizatu zuten garaiko izena izan behar du kanala horrek. Garai hartan, aspaldi samar inola ere, padurari lurrak, baratzeak eta soroak lapurtzea zen herri nekazari langile batek egin zezakeen onena. Hala uste zen, eta hala egin zen. Noraezean zebiltzan ura, hemen putzu eta han errekasto, bideratu; eta taxuzko lur-eremuak sortu; erriberak, soroak eta baratzeak egiteko lur emankorrak sortu padura zikin bat besterik ez zen lurralde nahasian.

Mugak jarri urari, erretenak eta zangak urtero garbitu, urari ez eman pilatzeko aukeratik, ezta bide galduetan ibiltzeko ere: bere bidetik joan zitezela, gizakiok jarritako bideetatik, eta kanalera iritsi, azken finean.

Eta itsasoaren ertzetara hurbildu ahala, ur gezak eta itsasokoak nahas ez zitezen konportak jarri eta mareen indarrak amatatu. Oraindik ere badira langintza horien aztarnak Zarauzko Biotopoan. Goitik zetozen ur gezak otzandu, itsasotik gora zetozenei oztopoak jarri; erribera emankorrak antolatu.

Galtza motzetan ibiltzen ginen garaian "kanala" ez zen leku gomendagarria. Guardia zibilak joaten ziren hara, noizbehinka, tiro-jarduerak egitera eta halakoetan abisu ematen zuten egunkarietan jendeak arreta izan zezan: “Se advierte a los vecinos de la villa que la Guardia Civil realizará prácticas de tiro…”

Apaizek ere abisu ematen zuten ez zela leku hura leku gomendagarria arima garbi eduki nahi zuenarentzat. Deabruaren tentaldiei eutsi ezinik, eta lizunkeriak bultzatuta, hainbat bikote hara joaten omen zen beren grinei eutsi ezinik, haragikeriaren bekatu itsusian lohitzera. Eta beste batzuek, hura bekatuen jokaleku zela jakinik ere, gauez hara hurbiltzen omen ziren besteen lohikeriak ikusirik beren begiak eta arimak belztera.

Gauez gauzak ez ziren, ez, zuzentzen kanal bazterrean, okerrago bihurtu baizik. Lohikerietan amilduak eta begiluze lizunez gain estraperloan eta kontrabandoan ibiltzen zirenak ere leku hartara joaten omen ziren gauez. Mallarriko haitzetatik gorantz ezkutuan ekarritakoak herrirako bidean jartzera.

Ezkutuko eta gaueko lan legez kanpokoak ziren hangoak.

Baziren, ordea, egun argiz egin zitezkeen, eta agintari militar eta erlijiosoen begi zorrotzek ere gaitzetsi ezin zituzten beste hainbat ekitaldi kanalean egiten zirenak.

Arrantzale jendea anguletara joan ohi zen garai zenean, eta baita karramarro berdeak biltzera ere tretzak jartzeko.

Orain debekatuak daude tretzak, baina orduan ohiko kontua zen trezekin arrantza egitea; legezkoa zen ala ez beste kontu bat da…

Tretzak metro askotako soka luzeak dira, marea jaisten denean itsasertzean jartzen direnak harriekin edo taket sendoekin hondarretan finkaturik. Tretzaren soka nagusi horretan dozenaka eta dozenaka puntera jartzen dira, eta puntera bakoitzean bere amua, eta amu bakoitzean bere karnata. Marea igotzen denean itsasoak estaltzen du tretza eta itsas zabalean geratzen dira amuetako beitak, erdi bizirik, edo erdi hilik, berdintsu dio…

Beitarako ezin hobeak omen ziren amarra berdeak. Lupiak eta gaztaikak, bastangak eta zabalerak, muxarrak eta erlak, urraburuak eta zarboak… harrapatzeko beitarik onena. Hala esaten zidan, behintzat, nire osaba arrantzaleak kanaleko ur usaintsuen ertzetan amarra iheskor haiek harrapatzeaz aspertuta ikusten ninduenean.

Amarra berdea


Lupia

Denborarekin, ur garbi samarreko erreka zen kanala ur zikinez basitu baitzen azkenerako. Gero eta zarauztar eta udatiar gehiago ginen herrian eta errekako urak mokordoz betetzen joan ziren. Ordukoa da Peste izendapena: Riopeste edota Erriopest. Kiratsak uxatu zituen hainbat eta hainbat bizidun kanaleko ur eta ertzetatik.

Hala eta guztiz, arrantzaleek arrantza kontuetarako eta nekazariok hondarra eskuratzeko erabiltzen genuen kanala.

Mandoa eta karroa hartuta herritik abiatzen ginen San Pelaioraino. Zubiaurreberritik behera, ezkerraldean, bazen baserritxo bat eta atarian Matusalenek berak baino urte gehiago izan behar zituen kateko zakur iletsu bat. Ahots lakarrarekin zaunka egiten zigun karro gaineko oholean eserita gindoazenoi:

—Lau, lau, lau.

Aita zenak errepikatu ohi zuen handik pasatzen ginen aldi oro:

—Oker habil, ez gaituk lau; bi bakarrik gaituk.

Bi edo hiru. Gutxitan ginen gehiago eta ez dakit inoiz asmatu zuen zakur zaharrak bere laukoa iragartzean.

Esan bezala, kanalera hondar bila joaten ginen. Udalak baimena emana zuen nekazariok udaberrian behar adina hondar handik jasotzeko. Hori baino lehen frantziskotarren komentuaren parean zen jaitsiera batean jasotzen zen baratzetarako hondarra. Paper zaharretan irakurria dut jaitsiera horretatik bertatik eramaten zirela txerriak itsasoan garbitzera. Bidaiari batek baino gehiagok aipatu izan du gure herriko ohitura bitxi hori.

Baina goazen harira. Udaberrian azenarioak ereiten dira, beste hainbat barazki bezala, eta azenarioak landare delikatuak dira, mizkinak, litxarreroak. Lur gozo-gozoa eskatzen duten horietakoak. Lurra goldatu, aretu, eta hazia erein ondoren, narra eta harrizko alperra pasatzen zitzaion gainetik zokor guztiak txiki-txiki egin eta soroa ume baten ipurdia baino leunago jartzeko. Baina hori dena ez zen, itxuraz, nahikoa azenarioentzat, eta hondarrarekin lur gaina goxatu behar izaten zitzaion.

Horretarako behar izaten zen kanaleko hondarra.

Gogoratzen dut hondarretara joandako horietako batean martin arrantzale bat erakutsi zidala aitak:

—Ikusten al duk hango sastraka hartan dagoen txoria? Zain egoten bahaiz, arrantzan nola egiten duen ikusiko duk.

Eta halaxe izan zen, hain kolore ederretako txori hura gezi bat bezala murgildu zen errekako uretan eta arraintxo bat mokoan zuela irten zen.

Gaur egungo oroimenetik, galtza motzeko garaietako begiekin ikusten saiatzen naiz orduko itsasertza eta erreka ondoa, eta bakardadea da etortzen zaidan oroitzapena. Han ez zen jenderik ibiltzen. Bakardadea eta hegaztiak, egia esateko.

Kuliskak eta txilipotak ikusten ziren ur ertzean, eta alkarabanak eta maiatzeko kuliskak aipatzen zituzten auzokoek. Eta, isilpean, istingorrak eta hegaberak. Perretxikozale batek esaten ez duen bezala non aurkitu dituen udaberriko zizak, onddoak edo kuletoak, ehiztariak ez ditu aipatzen istingorrak eta hegaberak… ehizatu ez dituen bitartean, behintzat.

Padurara nahiz zelai eta erriberetara (orduan zabalak eta ugariak ziren) jaisten zen ehiza udazkeneko pasean edo udaberriko kontrapasean. Gogoan dut halako batean hegabera bat izan genuela etxean. Ehiztariren batek tiro ustela bota eta zauritua zegoen (hanka hautsia zeukan, oker ez banago), eta hala ere ihes egin zion ehiztariari, edo ezkutuan gorde. Ez zen gustura izango ehiztari gizajoa!

Aitak aurkitu zuen ganadu-jatena egitera joan zenean erriberetara, eta etxera ekarri zuen. Etxeko komunean sartuta eduki genuen, eta ogi-papurrak eta garagar-aleak ematen genizkion jateko. Ez dut uste oso gustura egon zenik gure komunean, buru gaineko mototsa ere azkar baino lehen okertu zitzaion, izuaren izuz, nik uste…

Kuliska

Hegabera

Zarauzko Biotopoko garai hartako bi irudi ahaztezinak ditut, biak ere inguruaren naturarekin zer ikusirik ez dutenak. Bata, guardia zibilak tiro-saioak egin eta biharamunean mutiko-kuadrilla bat harritan sartuta geratutako balak jasotzera joan ginenekoa, eta, bestea, ekaitz izugarri eta itsaso gogor baten ondoren Gustav itsasontziaren ohol zaharrak hondarretatik saihets-hezurrak balira bezala nola irteten ziren ikustera joandakoa.

Munduaren mugaraino joan eta ezezagunarekin aurkitzea bezain zirraragarria zen hura oraindik galtza motzetan genbiltzanontzat!

 

J. M. Olaizola “Txiliku”

Arkamurka taldea

2008-06-10 / 2020-02-22


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat

Mundu guztia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea; zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko, eta errespetu-falta sumatzen badugu jakin bedi mezua borratua izango dela.
Eskerrikasko.