Ugarroi bolborina edo mottoduna (Phalacrocorax aristotelis) 1967. urtean umatu zen azkenik Gipuzkoan, erabat desagertu aurretik. Hogeitamar
urte igaro ondoren --Bizkaiko populazioak gora egin zuela eta, antza--,
berriro etorri ziren ale batzuk eta umatzen hasi ziren. Gaur egun,
2009. urtean, populazioa oso txikia da oraindik, eta galtzeko arrisku
bizian dago: hamar bat bikote dira.
Euskal
Autonomia Erkidegoan Arriskuan dauden Espezieen Katalogoan, bakanen
kategorian sailkatuta dago. Horrek berekin dakar harentzat
kudeaketa-plan bat egiteko beharra, kontserbazioa eraginkorra izango
bada.
Ugarroiaren
kasuan, alabaina, ez da horrelakorik egin Gipuzkoan (Bizkaian bai),
legeak hala aginduagatik ere. Horregatik, Itsas Enarak eskatu die
Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari lehenbailehen ekin
diezaiotela lanari.
---------------------------------------------------------------------------
Donostian, 2010eko urtarrilaren 5ean
Jaun/andre agurgarri horiek,
2008ko
apirilean Itsas Enara Ornitologia Elkarteak erregutu zizuen, Iñigo
Mendiolaren bitartez, lehenbailehen has zinteztela erredaktatzen Ugarroi
Bolborinaren (Phalacrocorax aristotelis) kudeaketa-plana, Natura
babesteko legeriak katalogatutako espezieen kasuan agintzen duenari
jarraituz.
Dagoeneko ia bi urte igaro dira eta ez dugu zuen erreakzioaren berririk. Areago, ez dugu erantzunik jaso ere egin.
Ez dugu
ulertzen zuen jarreraren arrazoia, eta besterik ezean, ikaragarri
axolagabea iruditzen zaigu. Gogorarazi nahi dizuegu zuena dela
Gipuzkoako basa-fauna babesteko eta iraunarazteko erantzukizuna eta
eskumena, eta zuei dagokizuela horretarako neurriak hartzea, ez
lege-arauek agindutakoak soilik, baizik eta beharrezko suertatzen diren
guztiak.
Ordutik
hona, gainera, espezie honek ikaragarrizko gainbehera jasan du Iberiako
bere gotorleku nagusia zuen eremuan --Galizian eta Asturiesen, hain
zuzen--, horren ondorioz ekialdeko Kantauriko populazioen etorkizuna
zaildu eta garrantzia areagotu direlarik.
Horregatik
guztiagatik, berriro ere eskatzen dizuegu, orduan baino are premia
handiagoz, lehenbailehen prestatu, idatzi eta onets dezazuela Ugarroi
Bolborina babesteko beharrezkoa eta ezinbestekoa den Gipuzkoako
kudeaketa-plana, Bizkaiko Aldundiak hango populazioetarako egin duen
bezalaxe.
Besterik gabe, jaso gure agurrik beroena.
Rafael Saiz Elizondo
Lehendakaria
---------------------------------------------------------------------------------------------------------
Itsas Enara Ornitologia Elkartea - Anoeta pasealekua, 28, 20014 DONOSTIA
IFK G20411542
http://www.itsasenara.org/
http://www.ieoe.blogspot.com/