Oroiminez
atzera begira jarrita, izan nintzen umea datorkit gogora. Izan nintzen umea
izan zen Zarautz galdu batean, orain ez dudan xalotasun batez begira herriari,
eta bizitzari.
Umetan
ikaragarri handia iruditzen zitzaidan ezagutzen nuen mundu txikia, baina sumatzen
nuen ezagutzen nuen mundu urri hura mundu handiago baten zati txiki bat
besterik ez zela.
Antzinako
Zarautz txiki hura zuri-beltzean agertzen zen argazkietan, eta ez zen oraingo
Zarautza denaren erdia ere. Hala eta guztiz, oso zabala zen galtza motzetan
genbiltzanontzat (esan beharrik ez dago orduan mutikoak galtza motzetan ibili
ohi ginela izterrak bizarrez bete arte).
Zarautz txuri-beltzean
Gure ezjakintasunean
Zarautz
herri handia eta ikusgarria zen. Pentsa!, bi desertu genituen herriko mugetan: desertu txikia eta desertu handia. Argiñanoren jatetxearen albokoa Desertu Txikia zen, malekoiak hesitzen
ez duen hondartza zatia, gaur egun bi kioski txiki antzeko eraikuntzak mugatzen
duten hondar-eremua, Desertu Handia
Golfeko parean dagoen hori zen, gaur Biotopoa deitzeko ohitura hartu duguna,
hare-muino edo dunak dituena.
Desertu Txikira futbolean egitera joaten ginen. Horretarako, ondo portatu behar zen eskolan, eta irteera bat egiteko behar adina merezimendu irabazi. Desertu Handian familia bi elkartzen ginen, oso noizbehinka, igandeko edo festa-egun berezi bateko bazkaria egiteko. Familia bat Talaimenditik behera jaisten zen, eta gu herritik joaten ginen. Herriko bi muturretan bizi ziren bi familia baserritar (lazkanotarrak biak ere emazteen aldetik) elkartzen ginen erdibidean (Desertu Handian) festaren bat ospatzeko, eta bazkaria egiten genuen hondartzaren ertzean. Kaletar jendeak nahiago izaten zuen hondar gainean egon, eguzkia hartu eta itsasoan bainatu, baina gu baserritar kastakoak ginen, eta leku “garbiagoa” nahi genuen bazkaltzeko, eta hondartzako hondar “zikina” baino nahiago genuen dunetako belar “ezaguna” mantelak han zabaldu eta jateko.
Bitxia
zen orduko Zarautz txikia. Herri-kaskotik berrehun metrotara hasten zen beste
mundu mota bat; hau da, herritik bertara zen baserri mundua, kalekotik
bestelakoa zen aparteko mundua. Azken Portu izeneko taberna bat bazen herriaren
ertzean, mugan, eta azken portu zibilizatu hartatik harantz basokoen lurraldeak
zeuden, baserritarren mundua, bizitza ikusteko eta bizitzeko beste modu bat
zuten jendeen mundua.
Hondartzaren mugetan ere, desertu handitik harantzago, “kanala” zegoen; horrela deitzen genion itsasoratzen den lekutik Iñurritzarainoko erreka zatiari, neurri handian bi murru zuten artean korritzen zuen erreka zatiari.
Erreka
hura kanalizatu zuten garaiko izena izan behar du kanala horrek. Garai hartan, aspaldi samar inola ere, padurari
lurrak, baratzeak eta soroak lapurtzea zen herri nekazari langile batek egin
zezakeen onena. Hala uste zen, eta hala egin zen. Noraezean zebiltzan ura,
hemen putzu eta han errekasto, bideratu; eta taxuzko lur-eremuak sortu;
erriberak, soroak eta baratzeak egiteko lur emankorrak sortu padura zikin bat
besterik ez zen lurralde nahasian.
Mugak
jarri urari, erretenak eta zangak urtero garbitu, urari ez eman pilatzeko
aukeratik, ezta bide galduetan ibiltzeko ere: bere bidetik joan zitezela, gizakiok
jarritako bideetatik, eta kanalera iritsi, azken finean.
Eta
itsasoaren ertzetara hurbildu ahala, ur gezak eta itsasokoak nahas ez zitezen
konportak jarri eta mareen indarrak amatatu. Oraindik ere badira langintza
horien aztarnak Zarauzko Biotopoan. Goitik zetozen ur gezak otzandu, itsasotik
gora zetozenei oztopoak jarri; erribera emankorrak antolatu.
Apaizek
ere abisu ematen zuten ez zela leku hura leku gomendagarria arima garbi eduki
nahi zuenarentzat. Deabruaren tentaldiei eutsi ezinik, eta lizunkeriak bultzatuta,
hainbat bikote hara joaten omen zen beren grinei eutsi ezinik, haragikeriaren
bekatu itsusian lohitzera. Eta beste batzuek, hura bekatuen jokaleku zela
jakinik ere, gauez hara hurbiltzen omen ziren besteen lohikeriak ikusirik beren
begiak eta arimak belztera.
Gauez
gauzak ez ziren, ez, zuzentzen kanal bazterrean, okerrago bihurtu baizik.
Lohikerietan amilduak eta begiluze lizunez gain estraperloan eta kontrabandoan
ibiltzen zirenak ere leku hartara joaten omen ziren gauez. Mallarriko
haitzetatik gorantz ezkutuan ekarritakoak herrirako bidean jartzera.
Ezkutuko
eta gaueko lan legez kanpokoak ziren hangoak.
Baziren,
ordea, egun argiz egin zitezkeen, eta agintari militar eta erlijiosoen begi
zorrotzek ere gaitzetsi ezin zituzten beste hainbat ekitaldi kanalean egiten
zirenak.
Arrantzale
jendea anguletara joan ohi zen garai zenean, eta baita karramarro berdeak
biltzera ere tretzak jartzeko.
Orain
debekatuak daude tretzak, baina orduan ohiko kontua zen trezekin arrantza
egitea; legezkoa zen ala ez beste kontu bat da…
Tretzak
metro askotako soka luzeak dira, marea jaisten denean itsasertzean jartzen
direnak harriekin edo taket sendoekin hondarretan finkaturik. Tretzaren soka
nagusi horretan dozenaka eta dozenaka puntera jartzen dira, eta puntera
bakoitzean bere amua, eta amu bakoitzean bere karnata. Marea igotzen denean
itsasoak estaltzen du tretza eta itsas zabalean geratzen dira amuetako beitak,
erdi bizirik, edo erdi hilik, berdintsu dio…
Beitarako
ezin hobeak omen ziren amarra berdeak. Lupiak eta gaztaikak, bastangak eta
zabalerak, muxarrak eta erlak, urraburuak eta zarboak… harrapatzeko beitarik
onena. Hala esaten zidan, behintzat, nire osaba arrantzaleak kanaleko ur
usaintsuen ertzetan amarra iheskor haiek harrapatzeaz aspertuta ikusten
ninduenean.
Denborarekin,
ur garbi samarreko erreka zen kanala ur zikinez basitu baitzen azkenerako. Gero
eta zarauztar eta udatiar gehiago ginen herrian eta errekako urak mokordoz
betetzen joan ziren. Ordukoa da Peste izendapena: Riopeste edota Erriopest.
Kiratsak uxatu zituen hainbat eta hainbat bizidun kanaleko ur eta ertzetatik.
Hala
eta guztiz, arrantzaleek arrantza kontuetarako eta nekazariok hondarra
eskuratzeko erabiltzen genuen kanala.
Mandoa
eta karroa hartuta herritik abiatzen ginen San Pelaioraino. Zubiaurreberritik
behera, ezkerraldean, bazen baserritxo bat eta atarian Matusalenek berak baino
urte gehiago izan behar zituen kateko zakur iletsu bat. Ahots lakarrarekin
zaunka egiten zigun karro gaineko oholean eserita gindoazenoi:
—Lau,
lau, lau.
Aita
zenak errepikatu ohi zuen handik pasatzen ginen aldi oro:
—Oker
habil, ez gaituk lau; bi bakarrik gaituk.
Bi
edo hiru. Gutxitan ginen gehiago eta ez dakit inoiz asmatu zuen zakur zaharrak
bere laukoa iragartzean.
Esan
bezala, kanalera hondar bila joaten ginen. Udalak baimena emana zuen nekazariok
udaberrian behar adina hondar handik jasotzeko. Hori baino lehen frantziskotarren
komentuaren parean zen jaitsiera batean jasotzen zen baratzetarako hondarra.
Paper zaharretan irakurria dut jaitsiera horretatik bertatik eramaten zirela
txerriak itsasoan garbitzera. Bidaiari batek baino gehiagok aipatu izan du gure
herriko ohitura bitxi hori.
Baina
goazen harira. Udaberrian azenarioak ereiten dira, beste hainbat barazki
bezala, eta azenarioak landare delikatuak dira, mizkinak, litxarreroak. Lur gozo-gozoa
eskatzen duten horietakoak. Lurra goldatu, aretu, eta hazia erein ondoren,
narra eta harrizko alperra pasatzen zitzaion gainetik zokor guztiak txiki-txiki
egin eta soroa ume baten ipurdia baino leunago jartzeko. Baina hori dena ez
zen, itxuraz, nahikoa azenarioentzat, eta hondarrarekin lur gaina goxatu behar
izaten zitzaion.
Horretarako
behar izaten zen kanaleko hondarra.
Gogoratzen
dut hondarretara joandako horietako batean martin arrantzale bat erakutsi
zidala aitak:
—Ikusten
al duk hango sastraka hartan dagoen txoria? Zain egoten bahaiz, arrantzan nola
egiten duen ikusiko duk.
Eta
halaxe izan zen, hain kolore ederretako txori hura gezi bat bezala murgildu zen
errekako uretan eta arraintxo bat mokoan zuela irten zen.
Gaur
egungo oroimenetik, galtza motzeko garaietako begiekin ikusten saiatzen naiz
orduko itsasertza eta erreka ondoa, eta bakardadea da etortzen zaidan
oroitzapena. Han ez zen jenderik ibiltzen.
Kuliskak
eta txilipotak ikusten ziren ur ertzean, eta alkarabanak eta maiatzeko kuliskak
aipatzen zituzten auzokoek. Eta, isilpean, istingorrak eta hegaberak. Perretxikozale
batek esaten ez duen bezala non aurkitu dituen udaberriko zizak, onddoak edo
kuletoak, ehiztariak ez ditu aipatzen istingorrak eta hegaberak… ehizatu ez
dituen bitartean, behintzat.
Padurara
nahiz zelai eta erriberetara (orduan zabalak eta ugariak ziren) jaisten zen
ehiza udazkeneko pasean edo udaberriko kontrapasean. Gogoan dut halako batean
hegabera bat izan genuela etxean. Ehiztariren batek tiro ustela bota eta
zauritua zegoen (hanka hautsia zeukan, oker ez banago), eta hala ere ihes egin
zion ehiztariari, edo ezkutuan gorde. Ez zen gustura izango ehiztari gizajoa!
Aitak
aurkitu zuen ganadu-jatena egitera joan zenean erriberetara, eta etxera ekarri
zuen. Etxeko komunean sartuta eduki genuen, eta ogi-papurrak eta garagar-aleak
ematen genizkion jateko. Ez dut uste oso gustura egon zenik gure komunean, buru
gaineko mototsa ere azkar baino lehen okertu zitzaion, izuaren izuz, nik uste…
Zarauzko Biotopoko
garai hartako bi irudi ahaztezinak ditut, biak ere inguruaren naturarekin zer
ikusirik ez dutenak. Bata, guardia zibilak tiro-saioak egin eta biharamunean
mutiko-kuadrilla bat harritan sartuta geratutako balak jasotzera joan
ginenekoa, eta, bestea, ekaitz izugarri eta itsaso gogor baten ondoren Gustav
itsasontziaren ohol zaharrak hondarretatik saihets-hezurrak balira bezala nola
irteten ziren ikustera joandakoa.
Munduaren mugaraino
joan eta ezezagunarekin aurkitzea bezain zirraragarria zen hura oraindik galtza
motzetan genbiltzanontzat!