2016(e)ko maiatzaren 19(a), osteguna

Denetik pixka bat...

Inurritzan arratsalde gris batean ikusitakoen kronikatxoa.

Arratoi beltza (Rattus rattus)
Arratoi beltza aise igotzen da zuhaitz eta zuhaisketara, eta bertan hegaztien habiak erabili ohi ditu. Argazkiko hau bide bazterreko zuhaiska batera igota zegoen, argazkilariari begira behiak trenari bezala. Lastima iluntzen hasita zegoen!



                      ......................................................................................................................................

Zapelatza (Buteo buteo)

Zapelatza (literalki, 'sagu-belatza') gai da oso habitat desberdinetan bizitzeko. Irudiko hau Talaimendiren magalaren gainean zegoen kapan, lumarik mugitu gabe, Getaria aldetik jotzen zuen haizearen kontra, geldi-geldirik lurrera begira, hankak erdi-zintzilik. Saguren bat izango zuen begiz joa.

Horrela luzaro (sei bat minutuz bai) egon ostean, halako batean jaregin du bere burua:




                      ......................................................................................................................................


Ihi-txoria (Cisticola juncidis)
Gutxitan izaten da txori honi lasai begiratzeko denborarik. Gehienetan bere kantuak salatzen du, tsip!, tsip!, tsip...!, baina ia beti hegan dabilela egiten du kantuan. Izan ere, udaberriko soinu ohikoenetako bat da Inurritzan ihi-txoriaren kantua. Baina adarren batean isilik pausatua dela, ia ez dago aitaren semerik non dagoen aurkituko duenik. Atzo, baina, beg-bistan jarri eta kantari hasi zitzaigun.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guztia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea; zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko, eta errespetu-falta sumatzen badugu jakin bedi mezua borratua izango dela.
Eskerrikasko.